2024-11-22
HomeEkintza SindikalaEskola garraioaren hitzarmena desblokea dezatela exijitzeko mobilizazioa egin dugu

Eskola garraioaren hitzarmena desblokea dezatela exijitzeko mobilizazioa egin dugu

Kolektibitateen sektoreko patronalaren enpresetako bat den Eulenen aurrean izan da elkarretaratzea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetako eskola-garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren blokeoa salatzeko.

Negoziazioak hasi zirenetik, enpresen jarrera bortitza eta harroputza izan da, hitzarmen honetan negoziatuko duten gauza bakarra denbora-eremua eta indarrean dagoen legediak aldatu dituen lizentziak eguneratzea dela esanez. Patronalak dioenez, ez da beharrezkoa ezer gehiago hobetzea, hitzarmenak oso lan-baldintza onak jasotzen baititu langileentzat.

Gainera, azken bileran, enpresak kezkatuta eta haserre zeuden sektorean hain handia zen absentismoagatik. LABetik ozen eta argi adierazi genien beraiek direla horren erantzule bakarrak, absentismoaren arrazoi nagusietako bat lan-prekarietatea delako, lan-osasunean ez inbertitzea, dirua irabazten jarraitzea eta emakume langileen lan-baldintzak ez hobetzea.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik dirua jasotzen duten enpresak dira. Pribatizatuta dagoen zerbitzu publikoa, Eskola publikoan beste sektore askorekin gertatzen den bezala. Aurreko ikasturtean lehiaketa publikora atera behar zen zerbitzu hori, baina Hezkuntza Sailak hatzez aukeratutako enpresa batek kudeatzen du gaur-gaurkoz.

LABen ez dugu onartuko langileen kontura diru publikoa irabazten jarraitzea eta langileen lan-baldintzak ez hobetzea. Hala, patronalari adierazten diogu hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoera honek horrela jarraitzen badu, datorren ikasturtean aurrean izango gaituela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.