2024-12-03
HomeEkintza SindikalaBrigada Soziala prest dugu, Macronen lan erreformaren ondorioen aurka borrokatzeko

Brigada Soziala prest dugu, Macronen lan erreformaren ondorioen aurka borrokatzeko

Baionan amaitu dugu gaur “Tira-bira” ekimen ibiltaria, eta, bukaera ekitaldian, Alarma Soziala izeneko tresna aurrera eramango duen lehen Brigada Soziala aurkeztu dugu. Hain zuzen ere, Alarma Soziala alerta sistema bat da, Macronen erreformak enpresa batean atzerapen sozialen bat ekartzen duenean aktibatuko duguna. Behin alerta sakatuta, brigada bat joango da urraketa egon den lantokira, eta bidegabekeria gelditzeko protokoloa jarriko du abian. Lehen brigada antolatuta, beste batzuk osatzea izango da orain helburua.

“Tira-bira” ekimen ibiltariak Hendaian ekin zion bideari joan den urtarrilaren 28an, eta, Ipar Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu eta gero, Baionako helmugara iritsi da. Hamar egunez, Alarma Sozialaren berri eman dugu lantokiz lantoki, eta, gaur, amaiera ekitaldian, tresna hori egingarri egingo duen lehen Brigada Soziala aurkeztu dugu jendaurrean.

Ekimen Ibiltariak 2.000 kilometro egin ditu, eta ehun bat enpresa bisitatzeko aukera eman du, non 7.000 eskuorri inguru banatu ditugun. "Tira-bira" ekimenak iraun bitartean, galdera askori eman diegu erantzuna. Alarma soziala noiz aktibatu izan da horietako bat. Zentzu honetan, nagusi batek enpresa akordio berri bat egin nahi badu hitzarmenaren arauak okertuz, alarma soziala aktibatzeko aukera lukete langileek. “Lehenik, LAB sindikatuko norbait alarma piztu duenarekin harremanetan jarriko da, egoera ongi ulertua dela ziurtatzeko. Ondoren, enpresaren sarreran eskuorri bat banatuko litzateke, langileek alarma piztu dela jakin dezaten. Hala, lehen bilkura bat antolatuko litzateke, alarma hori benetakoa eta funtsekoa dela ziurtatzeko”, azaldu dute LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkariek.

LABek langileak entzungo ditu, baina beti interes kolektiboari lehentasuna emanez. Enpresan delegatuak izanez gero, haiekin harremanetan jarriko ginateke. Azkenik, nagusiarekin harremanetan jarriko ginateke, bere akordioa bertan behera utz dezan eskatzeko.

Negoziazio fasean enpresak bere akordioa mantenduko balu, bigarren fasera pasatzera bortxatuak geundeke. Elkartasun harresi soziala deituko genioke etapa honi: “Baldintzek eskatzen badute, enpresa blokatzeko alerta orokor bat deituko genuke. Email bat edo SMS bat bidaliko zaie manifestua izenpetu duten langile guztiei. Gure ahalak eginak izango dira enpresa osoki blokeatzeko, akordioa bertan behera utzi arte. Azkenean, Alarma Soziala geldituko dugu, enpresak definitiboki bere atzerapen sozialeko akordioa kentzen duenean”, jakinarazi dute sindikatuko kideek.

Manifestua
Alarma Sozialaren babesa izateko, langileek manifestu bat izenpetu beharko dute, honako edukiekin:

1. Ez dut onartu nahi Macron legeak gure ekonomiari, enpleguari eta lan baldintzei kalte egin dezan Euskal Herrian.
2. Engaiatzen naiz eskualdeko negoziazio eremu kolektibo baten eraikitzearen alde lan egiten, langile guztien eskubideak mantentzeko eta hobetzeko.
3. Nere enpresan hitzarmen kolektiboko akordio txarrago bat egitea prentsatua bada, segidan Alarma Soziala piztea neregain hartuko dut.
4. Nere ahalmenen arabera, engaiatzen naiz kolektiboki antolatuak izanen diren ekintzetan parte hartzera, langileen eskubideak txikitu nahi dituen eta interes kolektiboaren aurka egin nahi lukeen enpresa baten aurrean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Metalaren Merkataritzako hitzarmena lortzeko mobilizatu gara Bilbon

Hitzarmena iraungita dago 2019ko abenduaren 31tik.

Sortzen ari den enplegua prekarioa da

Langabeziaren beherakada ez da erregimen orokorreko afiliazioaren igoerarekiko proportzionala.

Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

Langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, Plaza Eliptikotik abiatuta, eta mobilizazioaren amaieran erregistratu dute deialdia, Lan Harremanen Kontseiluan.