LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE-Bizkaia eta HIRUko ordezkariok martxoaren 8ko greba feministaren barruan egun horretarako deituta dauden lanuzteen erregistroa egin dugu gaur. Hain zuzen ere, gehiengo sindikalak bat egiten du Euskal Herriko mugimendu feministak egin duen deialdiarekin. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza gaurko agerraldian, eta martxoaren 8an greba egiteko hamaika arrazoi daudela nabarmendu du.
Nazioarteko grebarekin eta Euskal Herriko mugimendu feministak "Emakumeok planto, nosotras paramos" leloarekin eginiko lanuzte deialdiarekin bat egiten du euskal gehiengo sindikalak eta horregatik gaur lanuzteen erregistro formala egin dugu.
Emakume guztiei dei egiten diegu lanuztean parte hartzeko. Garbiñe Aranbururen hitzetan, "arrazoiak soberan ditugu. Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista honek zaplakuntza hiruikotza inposatzen du: klase, genero eta arrazaren araberakoa. Mugimendu feministaren aintzindaritzapean deitzen den lanuzte honek bete-betean bat egiten du LABek azken Biltzar Nagusian egin dituen gogoeta eta hartu dituen erabakiekin".
Kapitalarekin dugun talka berdimentsionatu dugu, bizitza-kapitala talka moduan. Zentzu honetan, LABeko idazkari nagusiak adierazi du bizitzaren esparru guztietan prekarizazioa suertatzen ari dela eta kapitalarekin dugun talka horrek modu berezituan eragiten diela emakumeei.
Hala, gaur egun oraindik sexuen eta arrazaren araberako lan banaketaz hitz egin behar dugula azpimarratu du: "Lan produktibo eta erreproduktiboak bereizi egiten dira. Honela emakumeon ardurapean daude nagusiki zaintza lanak. Lan horiek ikusiezinak eta bigarren mailako bilakatzen ditu sistema honek. Lan munduan ere diskriminazioak nabariak dira. Ez dugu aukera berdintasunik lan mundurako sarbidean eta lan munduan egiten ditugun lanei balio sozial txikiagoa aitortzen zaie. Beraz, soldata arrakala izugarria da, lanaldi partzialak nagusiki emakumeentzat dira eta orokorrean lan baldintza prekarioagoetan lan egin behar dugu".
Era berean, kontziliazio neurriak tranpa hutsa direla eta ez direla korrespontsabilitate politikarik bultzatzen salatu du. Emakume etorkinak lanik prekarioenak egitera behartuak egon ohi dira.
Garbiñe Aranbururen hitzetan, "azken urteetan inposaturiko poltika neoliberalak, sektore publikoaren pribatizazio eta merkantilizazio prozesu izugarria ematen ari da eta ongizate estatua deritzona erabat suntsitu da. Honek guztiak emakumeongan du eraginik negatiboena".
Hain zuzen ere, ekonomia eredu hau jasanezina da emakumeontzat, eta horregatik eraldaketa dela bidea esan du; merkatuen interesak erdigunean egotetik pertsonen eta naturaren interesak erdigunean kokatzera igarotzeko. "Eraldaketa horretan urratsak emateko martxoaren 8an planto egingo dugu, emakumeok egiten dugun lanaren beharra eta garrantzia agerian uzteko", berretsi du Garbiñe Aranburuk.
LABen betaurrekoetatik eta gure eragin esparrura etorrita, sindikatuak bi borroka nagusitan jarri nahi du indarra datozen hilabeteetan:
• Soldata arrakalarekin amaitzea. Onartezina da urtean bataz beste gizonek baino 7.680 euro gutxiago kobratzea, Hego Euskal Herrian. Rajoyek ez, baina guk bai hitz egin nahi dugu honi buruz
• Zaintza lanen aitortza politikoan eta ekonomikoan urratsak eman nahi ditugu
Horrenbestez, Garbiñe Aranburuk gaurko agerraldian nabarmendu bezala, LABetik emakume guztiak animatu nahi ditugu planto egitera eta mobilizazioetan parte hartzera. Kontzientzia hartu, antolatu eta borrokatzea da bidea, gauza handiak lortzeko gai gara eta.
Nafarroan ere
Nafarroako Lan Departamenduaren bulegoetan ere erregistratu dugu martxoaren 8ko greba feministaren deialdia. LAB, ELA, STEILAS, ESK eta HIRU sindikatuetako ordezkariak hurbildu gara lanuzteen erregistroa egitera.