2024-11-24
HomeEkintza SindikalaBizkaiko esku-hartze sozialean aurreakordioa #LortuDugu

Bizkaiko esku-hartze sozialean aurreakordioa #LortuDugu

Bi urte eta erdiko borrokaren ostean, 32 negoziazio-mahai eta 8 greba egun nahiz hainbat eta hainbat batzar, mobilizazio eta ekimen aurrera eraman ostean, sektoreak merezi duen hitzarmena erdietsi du. Borrokak merezi du!

LABetik sektoreko beharginak zoriondu nahi ditugu egindako lan kolektiboagatik, eta azpimarratzen dugu esku-hartze sozialeko langileak langile publikoak direla, zerbitzu publikoa ematen dutenez gero. Bada, hitzarmen honek, lan-baldintzen arloan hobekuntza nabarmenak ekartzeaz gain, sektorearen aitortzan aurrerapausoa ekarriko du, orain arte ikusezintzat hartu izan bada ere. Izan ere, sektore feminizatua izateaz gain, gizarteak erabakigune guztietatik kanpo uzten dituen pertsonekin lan egiten dute. Ondorioz, administrazio publikoen abandonua pairatu izan dute behin eta berriro: gero eta dirulaguntza gutxiago, neurriz kanpoko eskakizunak eta baldintza onartzeinak planteatzen dituzten hitzarmenak, gehiegizko burokratizazioa…

Gaur, ordea, fruituez hitz egin dezakegu. Izan ere, honakoak dira aurreakordioak biltzen dituen hobekuntza nagusiak:

  • Indarraldia: 2022-2025
  • 2026ra arte guztira %24ko soldata-igoera finkoa, KPIaren bermea gainditzen duena.
  • Erreformen aurkako klausulak. Besteak beste, subrogazioarekin lotutako hobekuntzak, ultraaktibitatea indartzea edota hitzarmen kolektiboa aplikatzeko lehentasuna Estatuko hitzarmenen aurrean.
  • Arrisku psikosozialei buruzko hobekuntzak. Beste neurri batzuen artean, lanpostuen arrisku-ebaluazioak egingo dira lau urtean behin, mediku-azterketetan arrisku psikosozialen ebaluzioa eta burn out adierazleak sartzea eta bikote edukatiboa ezartzea unitate estandar gisa zenbait zerbitzutan. Bestalde, haurdunaldiengatiko baimenei lotutako arrisku ebaluazioak ere ezarriko dira, eta horien emaitzen araberako hainbat neurri aurreikusten ditu testuak.
  • Urtean 1564 orduko lanaldia (13 orduko murrizketa)
  • Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriak: 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, kontingentzia arruntengatiko ezintasunen osagarria %100ean ordainduko da lehen egunetik.
  • Ordezkapenak lehen egunetik, administrazioekin adostutako langile-ratioak bermatzeko.
  • 60 urtetik gorakoen urteko gehienezko lanaldia 7 ordu murriztea
  • Berdintasun planak negoziatzeko betebeharra
  • Eszedentzien baldintzetan hobekuntzak

Hitzarmen hau sinatzea urrats historikoa da, eta guztion artean aktibatu ahal izan dugu erdigunean egotea merezi duen sektorea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.