2024-11-23
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakNafarroako ekonomiarentzat estrategikoa den finantza sistema publikoa sortu behar du Nafarroako Gobernuak

Nafarroako ekonomiarentzat estrategikoa den finantza sistema publikoa sortu behar du Nafarroako Gobernuak

Urtzi Ostolozaga, LABeko Ekintza Sozialeko ondokoa, eta Imanol Karrera, LABeko bozeramailea Nafarroan, prentsaren aurrean azaldu dira Nafarroako ekonomiarentzat estrategikoa den finantza sistema publikoaren proposamena gizartean azaltzeko.

Imanok Karreraren ustez, “egungo finantza sistemak Europako nazioarteko kapitalaren interesei erantzuten die, eta azkenean langileok ordaintzen ditugun gero eta sakonagoak diren krisien oinarriak dira. Horretarako, erabakitzeko eskubidea izan nahi dugu, gure sare sozial eta produktiboarentzat erabakirik egokienak hartzeko”.

“Ekonomiaren norabiderako, finantza sistema oinarrizkoa da, konpetibitatea, inbertsioak, enplegua sortzeko eta aberastasunaren birbanaketarako. Horretarako, finantza tresna publikoa sortzeaz gain, sistema antolatzeko kapazitatea ere behar dugu”, azaldu du Karrerak.

“Tresna hauek behar ditugu, jendarte justoago bat sortzeko, zeinetan ekonomia pertsonon zerbitzura egongo baita, espekulazio finantzarioa eta paradisu fiskalak jarraituko ditugu eta kreditua eta aurrezkiak sozializatzea botere finantzario korporatiboari alternatiba bezala”, aldarrikatu du LABeko Nafarroako bozeramaileak.

Gaur egungo Nafarroako gobernu akordioa egin zuten alderdiek akordio programatikoan finantza entitate publikoaren beharrizana ikertzeko konpromisoa hartu zuten. Lan hori Nafarroako Gobernuak Bizilan S.A. enpresari adjudikatu zion, eta ikerketa horren emaitzak berriki publikatu dituzte. Ikerketa horretan, nafar jendarteko 27 eragileri galdeketa egin zaie, tartean LAB sindikatuari. Era berean, Banka Publikoari buruzko nazioarteko esperientziei buruzko jardunaldiak egin zituzten, non Alemania, Holanda eta Italiako esperientziak erakutsi baitzituzten. Jardunaldi horietan LABek ere parte hartu zuen.

LABen ustez, “ikerketa horren ondorioak ezagututa, argi gelditu da ikerketan parte hartu dugun eragileen interesak eta iritziak oso ezberdinak direla”.

Nafarroako Gobernuari LABen gomendioak
“Argi dugu, eta berriz berresten dugu Nafarroako ekonomiarentzat estrategikoa dela finantza sistema publikoa sortzea”, azpimarratu du Urtzi Ostolozagak, LABeko Ekintza Sozialeko ondokoak.

LABen iritziz, jendarteari zuzentzen zaizkion zerbitzu publikoak ez dira bukatzen osasungintzan, hezkuntzan, azpiegituretan edo gizarte babesean. Zentzu horretan, Ostolozagaren ustez “nahitaezkoa da politika publikoaren eremura estrategikoak diren izaera ekonomikoko sektoreak eramatea, finantzarioa edota energetikoa esaterako. Gainera, bi sektore horiek erakunde publikoek sistematikoki bideratzen dituzten baliabide publikoei esker mantentzen dira”.

Modu berean, LABeko Ekintza Sozialeko ondokoaren ustez, “ez dugu ulertzen sistema publikoa sistema pribatuaren izaera subsidiario bezala, ezta eremu pribatuaren gabeziak betetzeko ere. Finantza sistema publikoak kredituaren eta aurrezkien sozializaziorako, inbertsio produktiboaren eta pertsona eta enpresen babesaren elementu bultzatzaile nagusia izan behar du”.

Ikerketa honetan parte hartu duten eragileen iritzi eta interes ezberdinen jakitun, eragile horien arteko identitate ezberdintasuna agerikoa dela konfirmatzen dute. “Izan ere, horietako batzuek kolektiboak diren interesak ordezkatzen ditugu, eta beste batzuek, enpresa zehatzena”, azpimarratu du Urtzi Ostolozagak.

Horren harira, Ostolozagaren ustez, “jaso diren iritziak direnak izanda ere, ez dute inolaz ere gobernuaren eginbeharra betetzen. Nafarroako Gobernuak, interes kolektiboaren mesedetan, finantza sektore publikoaren aldeko apostua egin behar du; ezin du bere ardura talde desberdin eta heterogeneo baten iritziaren esku utzi”.

Dena dela, “oinarrizkoak diren gaietan, gehiengoaren akordio bat existitzen dela”, uste du Ostolozagak:

• Nafarroako ekonomiarentzat estrategikoak diren inbertsioak egin beharra, bai arlo publikoan, bai pribatuan.

• Ikerkuntza + Garapena + Berrikuntzaren garapena, finantza sektorearen inplikazio handiagoa.

• Enpresa txiki eta ertainak laguntzeko azpiegiturak sortzea.

• Nafarroako jendartearen lurralde garapena, eta garapen sozial orekatua.

• Sektore pribatu espekulatiboaren hegemonian oinarrituriko sistema finantzieroaren aldakortasuna ikusita, inbertsioen erronkei aurre egiteko modurik zuzenena, merkatuaren gorabeheren aurrean indartsua izango den finantza sektore publiko potentea da.

Sektore finantziero publikoa sortzeko plan estrategikoa
Imanol Karrerak Nafarroako Gobernuari eskatu dio “izaera integrala izango duen finantza sektore publikoa sortu dezan eta honakoak kudeatzeko plan estrategiko bat osa dezan”:

1. Nafarroako finantza sistema arautzeko ahalmena, beharrezko ahalmen normatiboaren bitartez, fitxa bankarioa izango duen Nafarroako Finantza Institutua sortzea, eta Europako Banku Zentralaren parte izatea.

2. Sare publikoaren garapenerako, batez ere enpresa txiki eta ertainean, inbertsio publiko zein pribaturako tresnak. Horretarako, hainbat aukera daude: banku publiko komertziala edo/eta inbertsioena, gaur egungo Sodena bezalako inbertsio tresnak garatzea eta abar.

3. Pertsonentzat eta enpresentzat kreditu eta aurrezkirako sozializazio tresnak, bankuak edo aurrezki kutxak izanda, horretarako ez dago bete ezin daitekeen ez muga legalik, ezta ekonomikorik ere. Horretarako, borondate politikoa baino ez da beharrezkoa.

“Honen guztiaren muina borondate politikoan dago. Beraz, oinarrizkoa da Nafarroako egonkortasun ekonomiko eta finantzariorako, erabaki espekulatibo, akziodunen interesen eta inbertsio pribatuen fondoen aurrean defendatzea”, azpimarratu du Karrerak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.