2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaEz gaude prest 35 orduko lanaldian atzera pausorik onartzeko

Ez gaude prest 35 orduko lanaldian atzera pausorik onartzeko

Gaurkoan Madriletik etorritako berriak agerian uzten du geure zerbitzu publikoak defendatu eta garatzeko nahitaezkoa dela erasoetatik blindatzen gaituen marko legala eraikitzea. Horretarako beharrezkoak diren Lege propioak jorratzeko borondate eta nahia agertu behar da, Espainiako legediaren garapen hutsa alboratuz.

Auzitegi Gorenak EAEko langile publikoen asteko lanaldiaren inguruan jarrita zegoen helegitearen ebazpena zein den ikusita, LAB sindikatuak egoeraren azterketa juridiko lasaiago bat egitearen beharra ikusten du. Hala ere, ohar honen bidez modu argi batean zera adierazi nahi dugu:

• Lehenik eta behin, oso larria iruditzen zaigu Espainiar Estatuak gai honekiko daukan jarrera. Gure ustez, onartezina da gure zerbitzu publikoak etengabe erasotzen egotea eta administrazio eta sindikatu guztiok defendatzen ditugun akordioen aurka joatea. Argi dago Espainiako Estatutik langile publikoon lan baldintzetan atzera pausoak besterik ez datozela, eta gure esparruan izan beharko genukeen negoziazio kolektiborako eskubidea ez dutela errespetatzen. Espainiako Estatua Euskal Administrazioetan injerentzia bat besterik ez da.

• Bigarrenik, EAJri eta berarekin gobernatzen duten alderdiei mezu garbi bat bidali nahi diegu; ez dugu inolaz ere onartuko, sententzia honetaz baliatuz, asteko lanaldia luzatu nahi izatea. Argi eta garbi adierazi nahi dugu orain inoiz baino gehiago dauzkagun akordioen defentsa egin behar dugula eta ez dugula kontrakorik onartuko. LAB ez dago prest 35 orduko lanaldian atzera pausorik onartzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.