2024-12-19
HomeEkintza SindikalaDagoeneko 27 dira aurten Euskal Herrian lanean zendutako beharginak

Dagoeneko 27 dira aurten Euskal Herrian lanean zendutako beharginak

Maiatzaren 16an oso lan-istripu larria gertatu zen Sestaon eta, ondorioz, 29 urteko langile autonomo bat hil da. LABetik babes eta elkartasun osoa adierazten diegu hildako langilearen senide eta lagunei.

D.A.P.O. langilea berogailu bat instalatzen ari zen etxe partikular batean, ezagunak ez diren arrazoiengatik leiho batetik barruko patio batera erori zenean. Istripua gertatu zenean, arrebarekin lanean ari zen. Horrek eragindako zauri larrien ondorioz maiatzaren 27an hil zen langilea, LABen jakin ahal izan dugunez.

Langileak SIRKUS, Sistema de Tiendas S.L. enpresarentzat egiten zuen lan, eta enpresa hori Leroy Merlinek azpikontratatu zuen. Berriro ere, azpikontratazio-kate luzeak hil egiten duela salatu beharrean gaude. Egoera horrek lanak prekarizatzen ditu, eta langileen lan-baldintzen kontura dirua aurreztu nahian, segurtasun-neurrietan ere aurrezten du. Langileak dira beren bizitzarekin multinazionalen etekin aseezinak ordaintzen dituztenak.

Salatzen dugu praktikan langile autonomoei ez zaiela aplikatzen prebentzioari buruzko araudia, eta Lan Ikuskaritzari, Osalani eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu sektore prekario horietan kontrol handiagoa izatea, langile autonomoen segurtasuna eta osasuna errespetatzen direla bermatzea eta azpikontratazio masiboaren iruzurra etetea.

Azken lan heriotza hau salatzeko asmoz, ekainaren 4an, 12:30ean Barakaldoko Leroy Merlin multinazionalaren aurrean LAB-ESK-STEILAS-Hiru-EHNE/Etxalde intersindikalak antolatutako mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.