2024-06-30
HomeEkintza SindikalaEAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek greba amaierako akordioa betetzeko oztopoak jartzen jarraitzen...

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek greba amaierako akordioa betetzeko oztopoak jartzen jarraitzen dute soldata edota enpleguan

Azken hilabeteetako ekintza eta mobilizazioei esker materia batzuk, lanaldi murrizketak eta Lanbide Heziketako konpentsazioa kasu, betetzen hasteko konpromisoa hartu zuten atzoko mahaian. Gainerako materietan, esaterako soldatetan, akordioa betearazteko bide juridikoari ekingo diogu.

Atzo, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako negoziazio mahaia bildu zen. Greba amaierako akordioa otsailaren 5ean sinatu zenetik, sindikatuon ekimenez gauzatzen den zazpigarren bilera da.

Bilera hauetan guztietan, Kristau Eskolak eta AICE-IZEA patronalek akordioaren aplikazioa atzeratzeko eta akordioa adostutako terminoetan ez betetzeko asmoak utzi dituzte agerian. Ondorioz sindikatuok egoera publikoki salatu, mobilizazioak bultzatu eta akordioa betearazteko bide juridikoa aztertzeari ekin behar izan diogu.

Atzo, azken hilabeteetan sindikatuok, ikastetxeetako ordezkariek eta langileek gauzatutako ekintza eta mobilizazioei esker materia batzuk aplikatzen hasteko konpromisoa hartu dute patronalek. Horrela adostutako lanaldi murrizketak eta Lanbide Heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa 2023-2024 ikasturtean aplikatzen hasiko dira, nahiz eta sindikatuok defendatu dugun parametrotan ez izan.

Soldaten inguruan adostutako igoerak jasotzen dituzten soldata taulak Jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren menpekotasunari lotuta aurkezten jarraitzen dute eta tamalez, 2024rako adostutako igoeren araberako ordainketak egiten hasteko data bat finkatu gabe.

Aldi berean akordioan jasotako edukiak Lan Hitzarmen berrian adostutako baldintzetan txertatuko dituen erredakzio oso bat aukeztu gabe jarraitzen dute.

Enpleguan birkokapen araudia hitzarmenean txertatzeko eta kalte ordainak eta aintzinatasuna aitortzeko araubide berria zalantzan jartzen jarraitzen dute eta irakasleentzat adostutako eskola orduen murrizketa hitzarmeneko artikulatuan txertatzeko oztopoak jartzen.

Hau horrela, sindikatuok jada betearazpen epea daukaten gaiak epaitegietara eramateko aukera aztertuko dute hurrengo egunetan, 2024rako adostutako soldata taulen araberako ordainketak kasu.

Bestalde, patronalei ekainaren 19an izango den hurrengo bilerarako hitzarmenaren erredakzio proposamen oso bat aurkezteko galdegin diete. Aurkezten duten erredakzio proposamena sinatutako akordioak jasotzen dituen baldintzak jasoko ez balitu eman beharreko urratsak aztertuko dituzte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langile bat larriki zauritu da Zierbenan, makina batek azpian harrapatuta

Haizea Wind enpresak azpikontratatutako 48 urteko langilea Superportuaren barruan ari zen beharrean. Galdaragintza-sailean zegoen, eta makina batek harrapatu eta bi hankak moztu dizkio. Langileek laguntza psikologikoa behar izan dute eta igandera arte itxita egongo da enpresa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi du CAFek titulatuei ere antzinatasuna bosturteko gisa ordaindu behar diela #LortuDugu

Duela bi urte (2022ko maiatzaren 16an), LABek bultzatuta, Enpresa Batzordeak demanda kolektiboa jarri zuen langile titulatuei antzinatasuna ordaintzea eskatzeko, hau da, bosturtekoak gainerako langileei bezala ordaintzeko.

%100eko jarraipena Cementos Rezolako greba mugagabeko lehen egunean

Gaur abiatu dute Cementos Rezolako Añorgako lantegiko langileek greba mugagabea, zuzendaritzak 56 langile kaleratzeko dituen asmoen aurrean. Enpresa gelditu dute langileek, %100ak egin baitu bat LAB nagusi duen enpresa-batzordearen deialdiarekin bat. Elkarretaratze bi egin dituzte, lehena 7:30etik 8:30era eta 10:00etan bigarrena. Gainera, auzokideen babesa ere jaso dute.