2024-07-01
HomeEkintza SindikalaCCC: 85 urteetako bilakaera zaborretara eta, ondorioz, 50 langile kalera

CCC: 85 urteetako bilakaera zaborretara eta, ondorioz, 50 langile kalera

Urrutiko formakuntza eskaintzen duen CCC Donostia enpresan haserrea agerikoa da. Duela hiru urte, 1939an Donostian sortu eta 85 urteetan zehar Gipuzkoan errotuta egon den gure enpresa Grupo Crescendo deituriko inbertsio-funtsak xurgatu zuen. Geroztik, Donostiako lan-zentroaren hustutzea bizi izan dugu, oinarrizko sailak (ikasleari arreta, informatika, kontabilitatea, marketing-a eta arlo komertziala) Madrilera eraman baitituzte: 2020an bertan lan-zentro bat ireki zuten; hori bai, Donostiako CCC-ko lan esperientzia baliatuz eta irabaziak lortuz, hemen gauzatzen genituen gestioei esker.

Azken finean, enpresak bidali eta hedabide ezberdinetan publikaturiko agentzia-oharretan azaltzen denez, udara hasierarekin egungo lan-zentroa, historikoki urruneko irakaskuntzan erreferente izan dena, orain arteko bidetik deslotzen da, Langileen Estatutuko 40.2 artikuluan arautzen den mugikortasun geografiko prozedura bat abiatu eta 50 langile kalean utziz.

Egoera zailtzen du kaltetuetako askok Madrilera lekualdatu ezin izateak: egoera pertsonal ezberdinak egonda ere, agerikoa da 500km-tara norbera eta ingurukoak lekualdatu behar izatea astakeria bat dela. Batez ere, kontuan izanik langile gisa gu izan garela urteetan zehar egindako esfortzuagatik CCC Donostia zutik mantendu dugunok: enpresak aurrera egin ahal izateko, promesa faltsuak sinetsi izan ditugu eta, besteak beste, 12 urtez soldata-igoerarik gabe egon gara eta; are gehiago, lankideok ez kaleratzeko helburuarekin, gure nominak %30-ean murriztu izan dizkigute. Orain ordea, kale gorria da gure ordainsaria.

Bestalde, gure kezka adierazi nahi dugu enpresaren jarrerari dagokionez: txukuntasun legalez bai, baina gardentasun gutxirekin eman digute prozesuaren berri eta, hemendik aurrera, dugunarekin, negoziaketari fede onez aurre egin beharrean gaude, ahalik eta ondorio kaltegarri gutxien izan ditzan enpresak harturiko erabakiak gugan.

Atzera kontua martxan dago eta, horrexegatik, langileok mobilizazioen bitartez egoera sozializatzea erabaki dugu. Gonbidapena luzatzen dizuegu enpatiaz jokatu eta hemengo lanpostuen defentsa aldarrikatzeko.

MOBILIZAZIO egutegia:

  • Maiatzaren 27, 28 , 29, 30 eta 31n, ZUATZUKO egoitzaren parean elkarretaratzeak, 8:00etatik 9:30tara eta 16:00tatik 17:00tara.
  • Maiatzaren 31n, Udaletxearen aurrean (Alderdi Eder), elkarretaratzea arratsaldeko 18:00etan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langile bat larriki zauritu da Zierbenan, makina batek azpian harrapatuta

Haizea Wind enpresak azpikontratatutako 48 urteko langilea Superportuaren barruan ari zen beharrean. Galdaragintza-sailean zegoen, eta makina batek harrapatu eta bi hankak moztu dizkio. Langileek laguntza psikologikoa behar izan dute eta igandera arte itxita egongo da enpresa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi du CAFek titulatuei ere antzinatasuna bosturteko gisa ordaindu behar diela #LortuDugu

Duela bi urte (2022ko maiatzaren 16an), LABek bultzatuta, Enpresa Batzordeak demanda kolektiboa jarri zuen langile titulatuei antzinatasuna ordaintzea eskatzeko, hau da, bosturtekoak gainerako langileei bezala ordaintzeko.

%100eko jarraipena Cementos Rezolako greba mugagabeko lehen egunean

Gaur abiatu dute Cementos Rezolako Añorgako lantegiko langileek greba mugagabea, zuzendaritzak 56 langile kaleratzeko dituen asmoen aurrean. Enpresa gelditu dute langileek, %100ak egin baitu bat LAB nagusi duen enpresa-batzordearen deialdiarekin bat. Elkarretaratze bi egin dituzte, lehena 7:30etik 8:30era eta 10:00etan bigarrena. Gainera, auzokideen babesa ere jaso dute.