2024-11-23
HomeEkintza SindikalaBergaran lan istripua izan duen langile bat oso larri dago

Bergaran lan istripua izan duen langile bat oso larri dago

Asteazken arratsaldean lan istripu larria gertatu zen Bergarako Embalan3 enpresan. Enpresako langilea, kamioi bat zamatzen ari zela, zama gainera erori eta azpian harrapatuta geratu zen. Une honetan langilea oso larri zaurituta dago erietxean.

2024a ere gogor kolpatzen ari da euskal langileria. 25 hildako dagoeneko istripuetan, eta ehunka zauritu, zer esanik ez laneko gaixotasunei dagokienez. Bitartean patronalak, sistemaren komunikabideek eta jaurlaritzako arduradunek absentismoaz hitz egiten digute, langileon ardura balitz bezala euren aberastasuna sortzen dugun bitartean lanean hiltzea.

LAB sindikatuak irmoki salatu du lan osasunerako araudia betetzen ez duten enpresariek langileak hiltzen dituztela, eta halakoak zigorgabe ezin direla geratu azpimarratu du.

Zamatze lanak hainbat arrisku eragiten ditu eta istripu honetan salatu behar dugu larriki zauritutako langilea bakarrik ari zela egiten prozesu guztia. Zarata handi bat entzutean, kabinan zegoen garraiolaria jabetu zen langileari zama gainera erori zitzaiola. “Nola liteke pabilioi osoan langile bakar batek bere gain hartu behar izatea ardura hori?”, hausnartu du LABek. Sindikatuak sarritan aldarrikatu izan du garraiolariek leku seguruan egon behar dutela enpresako langileek zamatze lanak egiten dituzten bitartean, baina zamatze lan horiek, lan arriskutsuak diren heinean, hainbat langileren artean koordinatuta egin behar dira.

Honela, LABekazpimarratu du enpresek zamatze prozedurak garatu eta abian ipini behar dituztela, horietan jardungo duten langileen arriskuak aurreikusi eta beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriz.

Guzti honen aurrean, araudia betetzen ez duten enpresariak eroso daude Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin, LABek adierazi duenez. Osalan inolako ahalmenik ez duen aholkularitza bilakaturik eta lan ikuskaritza apenas ikuskaririk gabe, patronalak inpunitaterako ingurumari ezin hobea dauka eta langileriak bere osasuna urratuaz ordaintzen du.

Datorren asteartean, maiatzak 28, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta EHNE-Etxaldek osatzen duten intersindikaletik mobilizazioa deitu dute Bergarako San Juan auzoko Larramendi industrialdean, azken istripu hau salatzeko Embalan 3 enpresaren atarian, 12:30ean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.