Jende askok daukan eta batzuek zabaltzen duten irudiaren kontra, unibertsitate irakasleok ez gara pribilegiatuak. Irakasle lanpostu iraunkor bat lortzea iraupen lasterketa bat da, non gainditzeko hesiak ez diren gutxi. Ikerketako urte batzuen ostean doktoretza-tesia behin aurkeztua, beste fase batzuk datoz: lanpostuz promozionatzeko akreditazioak lortzea (kanpoko entitate batek meritu guztiak ebaluatuta) eta, behin plaza sortua eta publikoki deitua, oposizioa egitea: lehen atxiki plazarako (gehienez bost urtez luza daitekeena) eta gero agregatu edo titular plazarako (hauek bai, iraunkorrak). Horiexek dira urratsak ohiko bidea jarraitzekotan, zeren eta beste figura ez-iraunkorrak dauzkaten irakasle asko ere badaude. Modu honetan, irakasle doktore bat irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan urte batzuetan aritu ostean, atzerriko ikerketa zentroetan egonaldiak egin ostean, akreditazioak lortuta eta oposizioak (gutxienez bi) behin gaindituta, iraunkor izatera pasatzen da. Hori 35-45 urterekin gertatzen da normalean (baita gehiagorekin ere kasu askotan).
Arnasa luzeko lasterketa honek formazio maila oso handia eskatzen badu ere, soldatak ez dira jende gehienak pentsa ditzakeenak (ezta oporrak ere…). Izan ere, unibertsitate irakasleok eta ikertzaileok soldata txikiak dauzkagu, irakasle iraunkorren oinarrizko soldata bigarren hezkuntzaren irakasleena baino txikiagoa da, edo eskola-graduatua den ertzain sartu berri baten antzekoa.
Soldata txiki hauek osatzeko helburuarekin ,osagarri-sistema bat sortu zen. Hala ere, eredu tranpatia da hau: osagarri guztiak ez dira unibertsalak, legeriak irakasle-figura batzuk sistema honetatik kanpo uzten baititu. Horrek posible egiten du unibertsitate irakasleen artean ezberdintasun handiak egotea, desoreka nabarmenak sortzen baitira.
Bazterketa hori posible da Eusko Jaurlaritzak eta UPV/EHUko zuzendaritzak horrela izaten jarraitzeko ahalegin guztiak egiten ari direlako, eta hori zuzentzeko egindako eskaeren eta egondako sententzien aurrean diskriminazio latz hau mantentzeko apustu garbia egin dutelako. Hain zuzen ere, EAEko Unibertsitate legeak irakaskuntzari lotutako bosturtekoak eta ikerketari lotutako seiurtekoak irakasle iraunkorrei aitortzen dizkie bakarrik. Hori, de facto, irakasle ez-iraunkorren diskriminazio argia da. Merituak ebaluatzen badira, meritu nahikorik izatea izan beharko litzateke irizpidea osagarria jasotzeko, eta ez irakasleak betetzen duen lanpostua. Are gehiago, kontuan hartzen badugu lanpostu iraunkorra lortzea ez dagoela neurri handi batean irakaslearen esku, beste faktore asko sartzen baitira tartean (sailaren beharrak, birjartze tasa, diru-hornidura…).
Europan izan diren aldi baterako langileen aldeko sententzietan oinarrituta (non, lan bera eginda, iraunkor edo ez izateagatik langileak diskriminatu ezin direla jasotzen den), unibertsitateko irakasle ez-iraunkorren aldeko sententzia batzuk egon dira EAEn ere, eta irakasle ez iraunkorrek bosturtekoak eskatu ahal izatea lortu zen (eta ematen du seiurtekoak eskatzeko aukera gertu dagoela). Hala ere, beste oztopo batekin egin genuen topo. UPV/EHUko zuzendaritzak bosturtekoak eskatzea ezinezkoa zela behin eta berriro errepikatu ostean, eskatu ahal izatea lortu denean, aitortutakoa ez ordaintzeko aitzakia berri bat topatu zuten: osagarrien zenbatekoa jasotzen duen Eusko Jaurlaritzaren 41/2008 dekretuan ez-iraunkorrek zenbat jaso behar duten zehaztuta ez egotea… Hau da, meritua daukazu eta aitortzen zaizu, baina ez duzu kobratzen okupatzen duzun lanpostua iraunkorra ez izateagatik…! Hala eta guztiz ere, bosturtekoak aitortu zitzaizkion irakasle ez-iraunkor batek epaiketa bat irabazi zuen 2017an, non epaileak UPV/EHU kondenatu zuen irakasleari bosturtekoak ordaintzera, diru-kopuru bat zehaztuta. UPV/EHUko zuzendaritzak helegitea jarri zion sententziari (gero esango digute UPV/EHU izena harrotasunez eraman behar dugula…), baina ez zen onartu; ondorioz, sententzia irmo bihurtu zen eta irakasleari zegokiona ordaindu zitzaion. Aitortutakoa ordaintzeko aukera bazegoela argi geratu zen. Hala ere, kaltetuen kolektiboak diskriminazio hau buka dadin exijitzeko egindako eskaeren eta ekimenen aurrean, UPV/EHUko zuzendaritzaren erantzuna beste aldera begiratzea izan da, borondate falta jantzi juridikoaz mozorrotuta. Horretarako erabiltzen dituzte maiz haien (baina guztiok ordaintzen ditugun) zerbitzu juridikoak: haien jarrera eta erabakiak juridikoki defendatzeko, langileon eskaera justuen aurrean bideak bilatzeko erabili baino.
Hortaz, bi erantzule topatzen ditugu, baina jarrera bera. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak ez ditu egin beharreko lege-aldaketak gauzatzen, gaindituta geratu den arautegi bati helduta langileoi dagokiguna kentzeko. Beste alde batetik, konplize rolean, UPV/EHUko errektoretza taldeak bere langileei aitortu zaizkien merituak ordaintzeko dauzkan bideak ukatzen ditu, bere erantzukizuna ezkutatzeko jukutriak erabiliz. Biek jarrera bera dute: diskriminazio egoera honi bukaera emateko borondate falta. Modernitate, berdintasun, erantzukizun sozial eta etikaren inguruko propagandaren gainetik, argi esan behar da: Eusko Jaurlaritzak (Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte eta Unibertsitate eta ikerlariaren sailburuorde Adolfo Morais direlarik arduradun nagusiak) eta EHUko zuzendaritzak berak (Nekane Balluerka errektorea eta Inmaculada Gerrikagoitia irakasle eta ikerlarien errektoreordea direlarik arduradun nagusiak) EHUko irakasle eta ikerlari ez-iraunkorrak diskriminatzen dituzte.
Zenbat denbora gehiago emango dute aitzakien atzean ezkutuka arazoari behingoz heldu gabe? Moldatu nahi ez duten zaharkitutako legea aitzakia gisa erabiltzen denean, tranpa baino ez da egiten. Langileoi egiten diguten tranpa.