2024-11-22
HomeEkintza SindikalaUGT, CCOO eta CENek lan-baldintzak Nafarroan negoziatzeko eskubidea langileei ukatzea erabaki dute

UGT, CCOO eta CENek lan-baldintzak Nafarroan negoziatzeko eskubidea langileei ukatzea erabaki dute

LAB eta ELA sindikatuok hainbat kontaktu izan ditugu CEN patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin, negoziazio kolektiboan Nafarroako hitzarmenak ezartzea lehenetsiko lukeen akordio interprofesional bat lortze aldera. Hala, lanketa honek izandako bidearen beri eman dugu gaur Iruñean, komunikabideen aurrean. Hain zuzen ere, nabarmendu dugu UGT, CCOO eta Nafarroako Patronalak jakinarazi digula sindikatuoi ez dutela nahi Lanbidearteko Akordio bat, baldin eta horren helburua estatu-hitzarmenetako baldintza anitzez apalagoak Nafarroatik kanpo uztea bada.

Zapateroren Gobernuaren 2011ko lan-erreformak bide ematen die estatu-esparruko hitzarmenei negoziazio-gai jakin batzuk haientzat erreserbatzeko, eta sektoreko probintzia-hitzarmenetan ezarritakoa guztiz edo zati batez deuseztatzeko. Lan erreforma horretaz baliatzen ari dira UGT, CCOO eta Patronalak estatu-hitzarmenak Madrildik ezartzeko (eraikuntzan, ostalaritzan, metalgintzan, sukaldaritza kolektiboan…). Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa dela eta, Nafarroako langileen lan baldintzak nabarmen okertzen ari dira.

LABek eta ELAk, 2017. urtean, proposamen bat helarazi zieten CENi eta UGT eta CCOO sindikatuei, Nafarroako sektore-hitzarmenak lehenesteko, Madrilen sinatzen direnen aitzinetik. Ez dago beste helbururik langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzea uztea baino, Madrilgo esku-sartzerik gabe. Alde horretatik, oroitu beharrekoa da 2017ko urtarrilean LABek, ELAk, UGTk, CCOOek eta Confebaskek tankera bereko akordio bat sinatu zutela EAEn.

UGTk, CCOOk eta CENek ezetza eman diote LABek eta ELAk egindako proposamenari.

Bi sindikatuok salatu nahi dugu UGT, CCOO eta CENen jarrera hori, langile nafarrei lan-baldintzak erabakitzeko eskubidea ukatu dietelako, baita negoziazio kolektiboa estatalizatzeko bidea urratu ere.

Azkenik, ELAk eta LABek gure defentsa berretsi nahi dugu lan-baldintzak Nafarroan erabakitzeko eskubidea bermatuko duen negoziazio kolektibo ereduari.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.