Gaur arte, Barrualde ESIan arazo honi konponbidea emateko modua hauxe izan da: Egun solteetan bajan dagoen langilea ordezkatu hasieran, eta ondoren, bajak irauten duen bitartean, 2 ordutako ordezkoa ipintzea. Orain, bigarren pediatrak ere baja hartu du eta 2 egunetako kontratazio bat egin da 2 hauek ordezkatzeko.
Egoera larri honen berri izan bezain pronto Barrualdeko zuzendaritzarekin harremanetan jarri gara eta eman diguten azalpena hutsaren hurrengoa da: pediatra eta umeak artatzen dituzten familia medikuen falta dela arazoaren oinarria.
LABen iritziz, epe ertain eta luzeko neurririk hartu ez izana Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren ardugabekeria galanta da. Aspaldiko kontua da fakultatibo batzuen falta. Eta orain arte ez da plan estrategokirik martxan ipini. Alderantziz, mediku askok -batez ere ebentualak- Osakidetzatik alde egiten dute pairatzen dituzten lan egoera prekarioengatik, eta horietako asko beste erkidegoetako osasun sistemetan amaitzen dute, soldata agian baxuarekin, baina lan egoera hobeagoetan. Mediku baten formakuntzak suposatzen duen denbora, esfortzu eta dirua kontuan hartuta, egoera egonkortzea premiazko helburua izan beharko lizateke Osakidetzarentzat.
Izan ere, Osakidetza eta Osasun Sailaren aurreikuspen eta proposamen falta denborazko bonba da, kontuan hartzen badugu hurrengo urteetan milaka eta milaka mediku erretiratuko direla. Neurri sakonak ez badira hartzen, egoera arriskutsu baten aurrean izango gara, osasun arreta bermatu ezinik.
Igorreko adibidea ez da salbuespena, egoera normala baizik, zoritxarrez. Beraz, Barrualde ESIko zuzendaritzari pediatria zerbitzuaren funtzionamendu normala berreskuratzeko eta Osakidetzako zuzendaritzari eta Osasun Sailari, profesionalen falta arazo larriari sakoneko iretenbideak martxan ipintzea exijitzen diegu.