2024-07-05
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEmakumeen kontrako diskriminazioaren aurrean, enpresaren berdintasun-plana betetzea eskatu diogu Telefonicari

Emakumeen kontrako diskriminazioaren aurrean, enpresaren berdintasun-plana betetzea eskatu diogu Telefonicari

LABek elkarretaratze bat egin du gaur Telefonicako eraikinaren aurrean, Donostian, enpresa honetan emandako emakumeen kontrako diskriminazio kasu baten berri emateko.

LABek Telefonicako emakume langile batek egindako salaketa babestu nahi du eta salaketa honen atzean dagoen diskriminazio-egoera azalarazi.

Telefonicako langile honek sinatu behar zuen dokumentuan, “trabajador” eta “empleado” ipintzen zuen lekuan “trabajadora” eta “empleada” ere ipintzeko eskatu zuen, baina enpresak ez zion onartu eta bere azalpenean, erantzun zion maskulinoa modu zabal batean ulertu behar zuela, eta beraz, emakumeak ere izendatze horren barnean zeudela erantzun zion.

Egoera hauek dira egun bizi garen jendarte heteropatriakala sostengatzeko bitartekoak, alegia, oraindik emakumeok ikustezinak bagina bezala eta egiten dugun lanak baliorik izango ez balu bezala tratatzen gaituzte.

Hala ere, egoera hau ez da kontu isolatua. Telefonicak berdintasun plana badu aspaldi eta besteak beste, 4.2.1. puntuan hizkuntza ez sexista erabiltzeko konpromisoa bereganatzen du bertan. Ondorioz, Telefonicako zuzendaritzak CCOO eta UGT sindikatuen oniritziarekin batera onarturiko berdintasun plana betetzen ez duela salatu nahi dugu.

Berdintasun Planak lantokietan ematen diren diskriminazio egoerak zuzentzeko tresnak dira eta paperean adosturikoa betez gero, aurrera urratsak emateko aukerak ematen dituzte. Zoritxarrez beste behin ere agerian geratu da enpresak ez duela akordio horiek betetzeko asmorik eta Berdintasun-batzordean parte hartzen duten sindikatuen aldetik ez duela behar besteko presiorik jasotzen emakume eta gizonen arteko aukera- eta eskubide-berdintasuna bermatu dadin.

Hau dela eta, LAB sindikatuak salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan Telefonican gertatzen ari den diskriminazio hau zuzendu dadin eskatzeko, eta aldi berean, Berdintasun-plana aurrera eramateko enpresak bitarteko propioak martxan ipini ditzala eskatzeko, berdintasun batzorde propio bat alegia.

LABek aspaldi bereganatu zuen parekidetasunaren aldeko borrokarako konpromisoa, eta bide horretan, lan munduan urrats sendoak eman behar direla uste dugu. Honetarako guztion esku hartzea ezinbestekoa da, baina enpresarien zein instituzioen borondate politiko ezak behin eta berriz oztopatzen du bide honetan aurrera urrats sendoak ematea. Hau dela eta, behingoz behar diren bitartekoak sortu daitezela exijitzen diegu instituzioei, besteak beste, berdintasun legea bete dadin, horrela, lan munduan ematen diren diskriminazioak amaitzeko bidean jartzeko.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza Sail berriari eskatzen diogu kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta akordio laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

Duela urtebeteko ekainaren 1ean LABek akordio laborala sinatu genuen Interinok sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.

EAEko osasun garraioa publifikatu behar dela aldarrikatu dugu

Araban eta Bizkaian diharduen La Pau enpresak indarrean dagoen hitzarmena betetzeari utziko diola iragarri duenetik ziurgabetasuna da nagusi langileen artean. Gasteizen mobilizazioa egin dugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean.

Amurrio Ferrocarril y Equipos-en ez dugu kaleratzerik onartzen

Ekainaren 5ean, 57 urteko langile bat kaleratu zuten Amurrio Ferrocarril y Equipos-en. Enpresa Batzordetik kaleratzea publikoki salatu nahi dugu eta baita aurretik gertaturiko egoera ere, erabat hausten baitituzte batzordearen eta enpresaren arteko harremanean ulertzen diren protokoloak.