Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, aldundiaren aurrean, eta hitzarmenaren negoziazioa 2012. urteaz geroztik blokeatuta dagoela salatu dute berriro. Azken bileretan enpresak ez duela proposamen berririk egin nabarmendu dute. "Oraingo honetan, gainera, ez du ezta aitzakiaren bat ipintzeko ahaleginik egin", adierazi dugu LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuotako ordezkariok.
Hauxe da gaur kaleratu duten oharra:
Pasa den abenduaren 5an astero burutzen ari garen mobilizazioak martxan jarri genituen, Garbialdi eta Foru Aldundiko garbitzaileen arteko hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko borondatearekin.
Hitzarmen hau 2012an hasi zen negoziatzen eta ordutik hainbatetan salatu behar izan dugu enpresaren immobilismoa, bere interes falta eta, oro har, mahaian erakusten duen fede txarra. Bere eskaintza erraz laburbildu daiteke: egunean 0,14 euroko soldata igoera lanaldi osoa dutenentzat. Partzialitateak gogor jotzen duen sektore honetan, kontuak atera!
Abenduaren 5etik geroztik, birritan batzartu gara Garbialdirekin, jarrerak gerturatzeko balio zezakeen eskaintza berri bat entzuteko itxaropenarekin. Ez da horrelakorik gertatu. Enpresak ez du proposamen berririk egin eta oraingo honetan gainera ez du ezta aitzakiaren bat ipintzeko ahaleginik egin. Gainera, mahaian dauden ordezkariei eskubide sindikalak ukatzen dizkiete eta, are gehiago, aurrera eraman ditugun mobilizazioen inguruan komentario kritikoak egitera ausartu dira.
Euren jarrerak langileenganako errespetu falta izugarria erakusten du eta negoziazioa aurrera eramaten saiatzen ari garenontzat iraingarria bilakatzen hasi da.
Hasieran esan genuen eta oraingo honetan errepikatuko dugu: ez baduzue aditu nahi, behintzat entzun egingo gaituzue.
Mobilizazioekin aurrera egingo dugu, astero eta amorerik eman gabe; eta azkenean ere, ulertu behar izango duzue langileen baldintzak hobetzeko ardura duzuela.