2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaTubos Reunidos taldeko presidente berriaren izkutukeria kritikatu dugu, enplegua eusteari begira dakarren...

Tubos Reunidos taldeko presidente berriaren izkutukeria kritikatu dugu, enplegua eusteari begira dakarren arriskuarengatik

Duela urtebete eskuratu zuen Ulacia jaunak Tubos Reunidos taldearen presidentetza. Hedabideen bidez taldeko langileei helarazi zien mezua ez zen batere lasaigarria izan eta ez zuen ezer onik iragartzen haientzat. “360o-tako balio plan” bat lantzeaz eta taldean ezartzeko beharraz jardun zen. Behin baino gehiagotan eskatu du LABek aipatu plana langileei aurkezteko, baina gaur gaurkoz, oraindik ez du egin. Horrek ez du esan nahi gauzatzen ari ez denik.

Aurtengo ikasturtean, langileen lan baldintzen etengabeko hondatze baten lekukoak izan gara: azpikontratetako langileak kaleratuak izan direlako, lanpostuak amortizatu dituztelako, malgutasuna handitu delako, ezohiko lanaldiak ezarri direlako, mugikortasun funtzionala indarrean egon delako, abenduan lingote-ontziak eta hodiak taldeko enpresetatik atera dituztelako, enpresa-batzordeak honen berririk izan gabe…

Honez gain, Tubos Reunidoseko presidente ohiak, Abasolo jaunak, “siderurgiako euskal talde handia” sortzearen alde zegoela esan zuen hedabideetan.

Behin mugimendu eta aitorpen hauek aztertu ditugula, LABek bere buruari hainbat galdera egiten dizkio: zein da Ulacia jaunaren eta Tuboseko zuzendaritzaren helburua, altzairutegi handia sortzea? Hala bada, zein da taldeko nahiz azpikontratetako egungo langileen enplegu bermea? Zein lan baldintzetan?

Gure ustez, LABek badaki norantz doan Tubos Reunidos eta Hego Euskal Herriko siderometalurgia-sektorea. Behin, Abasolok, Ulaciak eta Confebaskek irrikaz espero duten siderurgia-sektorearen batasuna lortuko balitz, langileriari eragingo litzaizkiokeen ondorioak ez lirateke onuragarriak izango, asegaitzak diren enpresari horiek poltsikotan milioiak eta milioiak gordetzen nahi dutelako, enplegua suntsitzearen eta lan baldintzak kaskartzearen kontura.

Eta jazoera hauek direla-eta, Eusko Jaurlaritzari eta erakundeei galdetu nahi diegu: zer diote? Zein izango da euren jarrera?

LABek erakundeak, eta batik bat, Eusko Jaurlaritza deitzen ditu, taldearen bideragarritasuna bermatu dezaten, lantokiei eta lanpostuei baldintza duinetan eutsiz. LABek konpromiso argia eta irmoa adierazten du langile guztien etorkizunaren alde borrokatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.