2024-11-22
HomeEkintza SindikalaBarakaldoko Udaleko aurrekontuak inolako negoziaziorik gabe onartu izana salatzen dugu

Barakaldoko Udaleko aurrekontuak inolako negoziaziorik gabe onartu izana salatzen dugu

Atal sindikaletik alegazioak aurkeztu zizkioten aurrekontuari, eta horiek negoziazio mahaira eraman ez izana negoziazio kolektiboaren gutxiespentzat jo du.

Une honetan asko dira Barakaldoko Udalean etenda dauden gaiak, aurrekonturik gabe edo aurrekontu eskasarekin: behin-behinekotasuna murriztea, Pertsonen Plana, egonkortze prozesua, hitzarmena, 2023ko Enplegu Publikoko Eskaintza, lanpostuen balorazioa, Barne Berdintasunerako II. Plana betetzea, telelana, Euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa (2023-2027) abian jartzea… Gai horiek guztiak lege-eskakizunekin, Lan ikuskarien errekerimenduekin, auto judizialekin eta osoko bilkuraren erabakiekin lotuta daude. Bada, gai horiek eragin handia daukate herriko zerbitzu publikoen kalitatearengan, udaleko lankideen lan-baldintzetan nahiz karrera profesionalean.

Hala, LABek kritika egin dio gobernu-taldeak aurkeztutako 2024rako Barakaldoko Udalaren Aurrekontu Orokorren proiektuari; izan ere, proiektua ez da Negoziazio Mahaira eraman, informazioa, eztabaida eta adostasuna lortzeko. Badirudi gobernu-talde honek gai askori modu positiboan heltzeko borondaterik ez duela.

LABeko Atal Sindikalak azpimarratu du aurrekontu horien onarpenak eskubide sindikalen eta, bereziki, negoziazio kolektiboaren gutxiespena dakarrela berekin, eta Gobernu Taldeak horiek Negoziazio Mahaira eramaten ez baditu udal aurrekontua baliogabetzeko moduan jarriko luketela. LABek ez du udal langileen eskubideak urratzen dituzten aurrekontu hauen onarpenaren erantzule izan nahi.

LABek gogorarazi du aldez aurretik alegazioak aurkeztu direla, eta Gobernu Taldeak Barakaldoko Udaleko langileen ordezkaritzari entzungor egiten jarraitzen badu, gure lankideen eskubideak urratzen dituzten gai guztiak auzibidean aurkaratzen jarraituko duela. Hala, Barakaldoko Udalaren 2024ko ekitaldirako aurrekontuak baliogabetu eta ondoriorik gabe gera daitezke. Gobernuaren benetako borondateak bakarrik uxa dezake blokeoaren eta etengabeko auziaren errealitate hori, egitate positiboetan eta aurrerapenetan azalduta.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.