2024-07-22
HomeEkintza SindikalaPatronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko...

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.

Komisariatik eta Iruñeko epaitegietatik igaro ondoren, aske utzi dute Reina. LABeko talde juridikoaren laguntza izan du, eta epaitegien aurrean babesa ematera bildutako militante talde batek txalo artean hartu du atera denean.

Sevillako epaitegi batean ustezko “kalumnia” batzuengatik jarritako salaketa batengatiko epaiketaren data jakinaraztea zen atxiloketaren helburua. Zehazki, 2015ean enpresa bati “esplotatzaile” deitzea leporatu diote, Reinak eta SAT sindikatuak aurrera eramandako jarduera sindikalaren testuinguruan.

LABetik gogor salatzen ditugu polizia-jarduera horren forma zein funtsa. Moduari dagokionez, onartezina da sindikalista bat atxilotzea haren aurka jarritako salaketa bat ikertzen ari epaitegitik ia 1.000 kilometrora, epaiketaren data jakinarazteko aitzakipean.

Funtsari dagokionez, salagarria da, era berean, sindikalista bat atxilotzea bere lana egiteagatik, hau da, lan-esplotazioa salatzea. Patronalak lan-legeria eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko legea zigorgabetasun osoz urratzen dituen bitartean, arau-urraketa horiek salatzen dituzten sindikalistak jazartzen dituzte poliziak eta epaitegiek.

Bada, hain zuzen ere, Oscar Reinak eta Andaluziako SATek etengabeko jazarpena jasaten dute beren lan sindikalagatik. Patronalaren lawfarea da hori, klase sindikalismoa desaktibatu nahi duen lawfare mota berezi bat. Esparru politikoa demokratizatzeko beharra berbagai den honetan, LABek lan-esparruaren demokratizazioa ere aldarrikatzen du, hau da, lan-eskubideekiko eta askatasun sindikalekiko errespetua.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.