2024-11-22
HomeEkintza SindikalaAkordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.

Ranzariko hitzarmena etenda zegoen 2010etik. Azken hauteskunde sindikaletan sartu zen lehen aldiz LAB sindikatua ordezkaritza sindikalarekin, eta lehen indarra izan zen espezialisten hauteslekuan, Ranzariko langileentzat hitzarmen duin bat lortzeko konpromisoarekin. Bada, bete dute asmoa, eta honako hobekuntza hauek sinatu dituzte:


– 2 urteko indarraldia duen hitzarmena: 2024 eta 2025 urteetakoa
– Probaldia murriztea
– % 75eko errendimendu txikiko kontratuak desagertzeko konpromisoa
– Norberaren eginkizunetarako lizentzia-egunak gehitzea: 1-3 egun
– Antzinatasunagatiko opor egun gehigarriak.
– Heriotzagatiko eta ezgaitasunagatiko aseguruen zenbatekoa handitzea.
– Hobekuntzak aldi baterako ezintasunagatiko prestazioetan. Lehen hilabetea: %75, eta ospitaleratze kasuetan: %100.
– Sekzio bakoitzean jantzi-mota eta -kopurua handitzea
– Kategorien izendapen berriak mailen arabera
– Lanpostuen balorazioa egiteko konpromisoa, maila bakoitzeko konpetentziak/gaitasunak/trebetasunak argitzeko eta objektibizatzeko.
– Ordainsariei dagokienez, 3. eta 4. mailetako batez besteko soldata-igoera % 20koa da.
– Plusen igoera
– 2025. urteko soldata-igoera: Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) ekitaldi horretarako ezarritako igoeren, EAEko KPIaren edo Ranzari Mankomunitaterako Aurrekontuen Legean islatutako igoeraren artean onuragarriena den ehunekoaren arabera egingo da.

Soldata-taulak LGStik bereizi dira, eta oinarrizko soldata ezin dela LGSa baino txikiagoa izan adostu da. Horrez gain, plus guztiak finkagarriak izango dira, eta ezin izango dira konpentsatu, ezta xurgatu ere.


LABek negoziazio-mahaian defendatu duenez, ez ditu Madrilgo erabaki politikoen esku utziko Ranzariko langileen soldatak; horregatik, sindikatuaren jarrera argia da (gainerako sindikatuena ez bezala) soldatak LGStik bereizteari dagokionez. “Hemen lan egiten dugu, hemen negoziatzen dugu, hemen borrokatzen gara eta hemen adosten dugu”.

Azkenik, LABek lantalde espezifiko bat sortu du Hego Euskal Herriko Enplegu Zentro Berezietan oinarritua.
Enplegu Zentro Bereziek merezi duten garrantzia eman eta enpresa arrunterako trantsizioa bultzatzea du helburu, legedia bete dadin, eta ezgaitasun bat izate hutsagatik langileek jasaten duten prekarietateari eta diskriminazioari aurre egitea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.