2024-11-22
HomeIrakaskuntzaUnibertsitateaEusko Jaurlaritzak iruzur egin die berriro EHUko irakasle eta ikertzaileei

Eusko Jaurlaritzak iruzur egin die berriro EHUko irakasle eta ikertzaileei

Gaur, abenduak 20, iruzur berri bat burutu du Eusko Jaurlaritzak Unibertsitate publikoko irakasle eta ikertzaileen kontra. Urtebete beranduago eta atzera eraginik errekonozitu gabe hasiko baitu C mailako osagarri berrien ordainketa, Unibasq agentziaren konplizitatearekin. Izan ere, Unibasqek ez dizkio igorri UPV/EHUko Gizarte Kontseiluri gaur egin duen bilerarako behar zituen 279 irakasleri dagozkien C tarteen gaineko ebazpenak. Ondorioz, Unibertsitateak ezin izango ditu haiek 2018ko urtarriletik aurrera ordaindu, aurreikusita zegoen moduan, eta ordainketa 2019 arte atzeratu beharko du, soldata baxuen duten irakasle-ikertzaileen kolektiboa kaltetuz.

LAB eta STEILAS sindikatuok gogorarazi behar dugu osagarri hauek ez direla inondik inora pribilejio bat, EHUko irakasle eta ikertzaileen soldata duintzeko bidea baizik. Ez baita ahaztu behar Unibertsitatea dela, Euskal Hezkuntza sistema publikoaren baitan, irakasle berriei soldata maila baxuena eskaintzen diena. Horregatik da, zoritxarrez, osagarri sistema hau horren garrantzitsua Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileontzat.

Iruzurra egiteko Unibertsitateko instituzio eta erabaki legitimoen gainetik jarri da Eusko Jaurlaritza. Ez dute ezertarako balio izan ez EHUren Gobernu Kontseiluaren ezta Gizarte Kontseiluaren erabakiek ere. Ez dio inporta izan Unibasqen independentzia zapuztea. Eta Unibasqi ere ez zaio asko kostatu Eusko Jaurlaritzaren aurrean makurtzea. Itsusi, nagusikeriaz jokatu du Eusko Jaurlaritzak eta aitzaki modura jarri du instituzioen arteko adostasun eza, bera izan denean ados ez zegoen bakarra.

Nagusikeria ez da kudeaketa tresna demokratikoena eta modu horretan jokatzen duenaren kontra bihur daiteke azkenean. STEILAS eta LAB sindikatuak ez gaude prest inoren nagusikeria onartzeko. Salatu egiten dugu horregatik Eusko Jaurlaritzaren jokabidea eta eskura ditugun baliabide guztiak, judizialak barne, aztertu eta erabiliko ditugu haren kontra egin eta gure eskubideak defendatzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.