2024-11-23
HomeIndustriaMetalgintzaAurreikusi genuena bete da: enplegu suntsiketa Siemens-Gamesan

Aurreikusi genuena bete da: enplegu suntsiketa Siemens-Gamesan

Atzo UGT, CCOO eta ELAk sinatu zuten aurreakordioak, enplegu bermea zehaztea falta delarik, argi uzten du ontzat eman dela multinazionalak egindako irakurketa, alegia, enpresa egoera zailean dagoela, eta horren ondorioz, enplegu suntsiketa handia emango dela.

Aurreakordio honek argi uzten du, era berean, ez zegoela inolako arrazoirik horretarako, ez baita zehazten ez enpresa utzi beharreko langile kopurua, ez kaleratzeak egongo diren lantokietako antolakuntzan zer eragin izango duten ere. Txeke zuria eman zaio enpresari. Ez dago inolako zehaztasunik, ez seriotasunik ere. Esaterako, LABek ordezkaritza duen Arazuriko lantegian 11 kaleratze proposatu zituzten, eta kaleratze horiek ez zutela inolako justifikaziorik agerian geratu da. Orain ez dute kaleratzerik planteatu, LABek eskatzen zuen bezala.

Are gehiago, abenduan egin zen Europako Komiteko bileran, argi gelditu zen Euskal Herriko lantokietan ez dagoela inolako langilerik soberan, kontrakoa baizik, izatekotan, langile falta zegoela.

LAB ez da izango oztopo, edozein arrazoi medio, plan horretara apuntatu nahi duten langileentzat, baina ezin dugu ontzat eman enpresak inposatu nahi duen enplegu suntsiketa, eta horrek ekarriko dituen gelditzen diren langileentzat lan karga igoera eta estresa. Siemens-Gamesa Euskal Herriko industriarentzat enpresa estrategikoa izan beharko litzateke lan egiten duen merkatuagatik, enplegu zuzen eta zeharkakoaren sortzaile, eta ez enpleguaren deuseztatzaile.

Azkenik, jakinarazi nahi dugu idatziz eskatu diogula enpresaren zuzendaritzari izandako negoziazio horrek izan duen izaera juridikoa argitzeko LAB negoziaketatik kanpo uzteko. Hau da, jakin nahi dugu hasieran aurkeztutako EREa erretiratu zuten definitiboki edo ez, ulertzen dugulako LABen askatasun sindikalerako eskubidea urratu dutela. Aste hau bukatu baino lehen erantzun argia exijitzen dugu. Ez dugu LABen zilegitasuna auzitan jartzea onartuko, Euskal Herrian duen babesa kontuan hartuta. Espainiako negoziazio eremua ezin dugu ontzat eman naturaltasunez bertan sindikatu abertzaleak galtzaile garelako beti.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.