2024-11-23
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaPatronalak miseriara kondenatzen dituela salatu dute Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako langileek

Patronalak miseriara kondenatzen dituela salatu dute Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako langileek

Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean, patronalarekin negoziazioa hasi eta ordu erdi lehenago. Hain zuzen ere, "Vuestra limosna, gure miseria" lelopean egin dute protesta.

Hauxe da Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketako langileek banatu duten idatzia:

Hiru urte igaro dira Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketaren Hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasi ginenetik. Hiru urte luze, non bizitza %3,6a (KPI) garestitu egin den: argia garestitu egin da, uraren faktura, erosketa-saskia eta goizero lanera joateko hartzen dugun autobusaren bonoa garestitu egin da baita ere.

Patronalak pobretzea baino ez digu eskaintzen. Sektoreko langileen erosahalmenaren galera ekarriko lukeen hitzarmen baten sinadura saiatu nahi du. Pasa den maiatzean hurrengoko proposamena luzatu zuten -eta ordutik ez dituzte mugimendu berririk egin-: KPI-ko %80ko soldata igoera 2018, 2019 eta 2020. urteetarako, betiere -gainera- antzinatasun osagarria 2014ko taulen arabera kalkulatzen baldin bada.

Ezin dugu baldintza horiek jasotzen dituen hitzamenik sinatu, igoera horiek ez luketelako erosahalmenaren mantendua bermatuko ere, gure soldatak ez liratekelako bizi duina bermatzeko behar ditugun ogasun eta zerbitzuen prezioak igoko diren beste igoko. Miseriara kondenatu nahi gaituzte, baina ez dugu baimenduko. Nazkatuta gaude jada:

Hilabete bukaerara ez heltzeaz nazkatuta. Lanaldi partzialetaz. Egunero gure etxeetatik ordubetera dauden zentruetara mugitzeaz 30 minutuko lanaldiak egiteko.

Ezegonkortasunaz nazkatuta. Enpresa berdinarentzat behin-behineko 51 kontratu desberdin sinatzeaz 10 urteko epe batean.
Azpikontratazioaz nazkatuta. Egunero nagusiaren nahikeriak eta bezeroaren presioak jasan beharraz; eta bata zein bestearen errepresalien beldurrarekin bizitzeaz.

Sufritzen ditugun minez nazkatuta. Gaixoarazten gaituzten lan kargetaz nazkatuta: tunel metakarpianoaz, lunbalgiaz eta artritisaz.

Ikusezintasunaz nazkatuta. Bulego bera 20 urte luzez garbitu izanaz eta oraindik inork ere ez gure izena zein ote den galdetu ez izanaz.

Hauxe da gure sektorearen errealitatea. Gaur, gure lan-baldintzak oraindik eta gehiago prekarizatu nahi dituztenen aurrean salatzera etorri garen errealitate bera.

Pobretu nahi gaituzuenak, miseriara kondenatu nahi gaituzuenak, argi izan dezazue: ez dugu gure aldarrikapenetan atzera egingo, tinko jarraituko dugu. Gure burua, oraindik eta gehiago nazkatzeko prest gaude hurrengoko hau ozen errepikatzeaz izango baldin bada: DUINTASUNA EZ DA NEGOZIATZEN! DUINTASUNA EZ DAGO SALGAI!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.