2024-11-23
HomeEkintza Sindikala24 orduko jardunaldiaren ostean bi orduko lanuztea egingo dugu gaur Ugaon, Envases...

24 orduko jardunaldiaren ostean bi orduko lanuztea egingo dugu gaur Ugaon, Envases enpresako langileek eta gizarte eragileek deituta

Envases enpresako langileak greban daude apirilaren 8az geroztik, multinazionalak duela hilabete baino gehiago aurkeztu zuen enplegu-erregulazioko espedientea dela eta.

Behin baino gehiagotan salatu den bezala, EEE hau ez da enpresaren balizko zailtasun egoera batek eraginda etorri. Benetako arrazoia enpresak deslokalizazio-prozesu bat abian jartzeko hartu duen aldebakarreko erabakia da. Prozesu horretan, Ugaoko lan-zentroaren ekoizpenaren zati bat Leon eta Holandako lantegietara eramatea erabaki du enpresak.

Ekoizpenaren zati horren deslokalizazioak oso arrisku larrian jartzen du lantegiaren etorkizuna; izan ere, egun 103 pertsonak lan egiten dute bertan, eta EEE honetan langileen ia %50 kaleratu nahi dute.

Hainbat mobilizazio egin dituzte langileek beren egoeraren berri emateko, era guztietako ekimen eta ekitaldiak aurrera eraman dituztelarik.

Orain, atzo hasita, langileek, eragile eta erakunde sozialekin batera, 24 orduko jardunaldi batean parte hartzeko deialdia luzatu dute hainbat ekimen burutzeko. Jardunaldia gaur amaituko da, udalerri osoan deitutako bi orduko lanuztea hasi baino ordubete lehenago.

Ekimen hauen bidez, plantillaren zein udalerriaren egoera salatu nahi da.

Langileak zaurgarritasun-egoera larrian daude inolako eskrupulurik ez duen multinazional baten aurrean, aberastasun gehiago metatzeko irrika nola ase besterik ez duena buruan, aberastasun hori beren ahaleginaren bidez sortzen ari diren pertsonen bizitzari erreparatu gabe. Baina deslokalizazio horrek Ugaoko udalerriari ere kalte egiten dio, bere industria-ehuna desegiten ari dela ikusten baitu udalerriak, herriko enpresarik handiena bere ekoizpena lekualdatuz, eta beste enpresa batzuei ere zeharka eraginez.

24 orduko jardunaldi hori eta ondoren deitutako bi orduko lanuztea, Ugaoko Udaletxetik 19:30ean hasiko den mobilizazio batekin amaituko da. Mobilizazio horretan, hauteskunde-kanpainaren amaierako mitinak ematen ariko diren pertsona horiei, arduradun politiko horiei, langileak babesteko politikak ezar ditzaten, deslokalizazio eta eraispen industrialeko prozesuak zailtzen dituzten legeak sor ditzaten eta errotuta dagoen industria baten alde egin dezaten eskatuko zaie.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.