2024-11-23
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaEusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoaren beharrei erantzuten ez dien heinean greba eta mobilizazioak...

Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Publikoaren beharrei erantzuten ez dien heinean greba eta mobilizazioak areagotzea beste biderik ez digu utziko

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur azken mobilizazioen balorazioa egiteko. Hala, nabarmendu dugu Hezkuntza Sailak oraindik ez diela erantzun aldarrikapenei. "Hezkuntza publikoaren egoera eta mobilizazioen jarraipen zabala ikusirik, larriak eta arduragabeak iruditzen zaizkigu Hezkuntza Sailburuaren, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen eta Eusko Jaurlaritzako goi-kargudunen azken egunetako adierazpenak", salatu dugu.

Pasa den ikasturtean eta ikasturte hasiera honetan EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinetan eta haurreskoletan greba eta mobilizazio garrantzitsuak burutu ditugu. Pasa den ikasturteko martxoaren 22 eta maiatzaren 16 eta 23ko greba deialdiek eta ikasturte honetan burutu ditugun azaroko sektore bakoitzeko grebek eta abenduaren 12ko sektore guztietako greba bateratuak oso jarraipen zabal izan dute. Kasu guztietan langileen %75etik gorak egin dute bat deialdiarekin eta milaka pertsona atera dira deialdi bakoitzean kalera egungo egoera salatu eta konponbidea eskatzeko. Urte eta hilabete luzeetan eginiko ehunka batzar eta lan andana dago horrelako mobilizazioen atzean eta sektore bakoitzeko langileen konpromisoa. Beraz, zorionak eta eskerrik asko guztioi zuen inplikazioagatik!

Grebak ez ezik, hamaika ekimen ere burutu izan dira tokian toki; itxialdiak, hitzaldiak, world-kafeak, elkarretaratzeak, familia eta ikasleekin manifestazioak… Guztiak oso aberasgarri eta baliagarriak langile, familia eta herritarrekin eskuz-esku egoera sozializatzeko eta mobilizatzeko aukera eman digutenak. Eskerrik asko ekimenetan parte hartu duzuen langile, ikasle, familia eta herritar!

Greba eta mobilizazio hauen jarraipen handiak agerian utzi dute hezkuntza publikoak egun pairatzen duen egoera.

Egoera larri honi konponbidea jartzeko Eusko Jaurlaritzari luzatu dizkiogun eskariak zehatzak eta argiak dira:

• Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.

• Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitu kolektibo ezberdinetan.

• Egun izugarria den behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan) %6ra murriztu.

• Ikasle-ratioak %10 murriztea.

• Hezkuntza Behar Berezietarako irizpideak zabaldu eta baliabideak handitu.

• Haurreskolen doakotasuna.

• Soldata murrizketa eta %15 murriztu den eros-ahalmena berreskuratzea.

• Gehienetan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea sektore eta kidego guztietan.

• Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

• Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

• LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

• Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak eta segregazio egoerak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

• Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.

• Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Hezkuntza Sailak oraindik inola ere ez die erantzun aldarrikapen hauei. Irakasleetan behin-behinekotasuna gutxienez %30ean uzten duen 1.900 lanpostu egonkortzeko proposamena besterik ez du egin, Heziketa Berezian %36ra murrizten duen 268 plazako deialdi proposamena, Haurreskoletan behin-behinekotasuna %40an utziko lukeen 24 plazako proposamen irrigarria eta Sukalde eta Garbiketan %63ko behin-behinekotasun eskandalagarria jaisteko inolako proposamenik ez du egin. Honekin batera, ordezkapenak lehen egunetik egiteko prest agertu da, baina soilik Lehen Hezkuntzako irakasleetan. Gainerako kolektibo eta sektoreetan ordezkapenak egin gabe utziz edo astebetera eginez. Gainerako aldarrikapenetan ez du inolako proposamenik gauzatu.

Honekin batera, hezkuntza publikoaren egoera eta mobilizazioen jarraipen zabala ikusirik, larriak eta arduragabeak iruditzen zaizkigu Hezkuntza Sailburuaren, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen eta Eusko Jaurlaritzako goi-kargudunen azken egunetako adierazpenak, grebarako arrazoirik ez dagoela esanez, hezkuntza publikoaren egoera ona dela adieraziz eta bertako langileak pribilegioduntzat joz.

Mobilizazioei zilegitasuna kendu eta oztopatzeko jarrera hauek alde batera utzi, orain arteko pasibotasuna gainditu eta hurrengo egun eta asteetan deitu dituen edo deitzeko asmoa duen negoziazio mahai guztietan, irakasle, hezitzaile, sukaldari eta garbitzaile nahiz Haurreskoletako hezitzaile eta langileen oinarrizko aldarrikapenei sendotasunez erantzutea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari. Horrela ez balitz, jada langileen batzarretan jaso dugun iritzi eta eskari nagusienei jarraituz, urtarriletik aurrera mobilizazioetan jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa ematea beste biderik ez digu utziko jaurlaritzak, greba eta mobilizazioak indartuz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.