Ernai gazte antolakundeak gazteentzat bizi baldintza duinak aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean, eta bat egingo du LABek deitu duen mobilizazio nazionalarekin. 11:00etan Trinitarios plazatik abiatuko den gazte blokean parte hartzera dei egin diete gazteei. Gazteen mobilizazioak Sarasate pasealekuan egingo du bat LABen manifestazioarekin.
Bizitza duinen udaberriaren alde gazteek lehen lerroa hartuko dutela aldarrikatu du gaur Ernaik. Bizitzaren eta kapitalaren arteko talka “geroz eta bortitzagoa” dela ohartarazi dute, eta “zibilizazio krisi bat” bizi dugula, zeina modu berezituan pairatzen baitute gazteek. Emantzipatzeko ezintasuna, osasun mentala eta gaixotasun psikosozialen hazkudea aipatu dituzte egoeraren adierazletzat.
Gazteek “egoera iraultzeko determinazio osoa” dutela adierazi du Ernaik: “Neoliberalismo zisheteropatriarkalak ez du krisia ez den beste eskaintzarik guretzat. Sistema hau ez da sostengagarria, eta guk ez dugu sostengatuko”. Sistema “basati” horren aurrean alternatiba “integrala” mahaigaineratzearen beharra azpimarratu du gazte antolakundeak, eta horretarako bidea zein den ere azaldu du. “Pertsona zapaldurik biziko ez den Euskal Herria eraikitzea da egoera hau iraultzeko bide bakarra; hau da, Euskal Herria sozialista eta feminista”.