2024-11-25
HomeEkintza SindikalaErrektoretza-taldeak eta Hezkuntza Sailak ez dute inolako borondaterik EHUko ordezko irakasleen egoera...

Errektoretza-taldeak eta Hezkuntza Sailak ez dute inolako borondaterik EHUko ordezko irakasleen egoera konpontzeko

Borondate ezaren ondorioz sindikatuok borrokan jarraitzen dugu eta bide judiziala ireki dugu. LABek hasitako eta STEILAS, CCOO eta ELAk berretsitako gatazka kolektiboaren epaiketa gaur izango da.

Ikasturte honetan mobilizazio kanpaina trinkoa izan dugu EHUn hainbat arazoei konponbidea bilatu nahian. EHUn bi greba egin ditugu eta Zerbitzu Publikoen hiru grebetan EHUrako aldarrikapenek berezko espazioa izan dute. EHUko langileok ditugun arazo guztien artean, ordezko irakasleen egoera jasanezina azpimarratu behar da. LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuok ordezko irakasleen lan-baldintzak hobetzeko egin genituen proposamenak EHUko zuzendaritzak erabat errefusatu zituen.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera pasiboa ere onartezina da. Hezkuntza Sailak ez dio erantzun intersindikalak egindako bilera-eskaerari, hortaz, arazoa entzuteko eta konponbideren bat bilatzeko interesik ez duela erautsi digu.

EHUrekin lotutako gaiei dagokienez, prentsaren bidez baino ez dugu izan Hezkuntza sailburuaren berri. Joan den astean egindako adierazpenen arabera, ez du bere erantzukizuna aintzat hartzen, eta konponbidea Ministerioak duela aipatzen du behin eta berriro. Iragarri dute hedabideetan hurrengo urteetan irakasle laguntzaile doktore 150 lanpostu sortuko direla. Berria positiboa bada ere, egin behar zuten, baina neurri horrek ez du konponduko ordezko irakasleen prekarietate egoera, ordezkoak kontratatzeak ezinbestekoa izaten jarraituko baitu etorkizunean. Harrigarria da gai honetarako autogobernua ez defendatzea eta aplikatzea, ordezkoen lan-egoera hobetzeko erabil daitezkeen tresnak baititu Eusko Jaurlaritzak.

Ordezkoen gatazka bi arazo nagusik eragiten dute. Alde batetik, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren (USLO) irakurketa hertsia. EHUk eta Hezkuntza sailak interpretatzen dute arduraldi osoko irakasleen ordezkoak partzialak izan behar direla ikerkuntza eta kudeaketa ezin dutelako egin. Haien irakurketa paragrafo horretara mugatzen da. Baina USLOk, berak ere ezartzen du salbuespen bat: lan horiek egin daitezke, irakaskuntzarekin lotuta baldin badaude. Horren arabera, LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuok uste dugu ordezko langileak lanaldi osoan kontratatu daitezkela irakasle ordezkoek irakaskuntzari lotutako ikerkuntza eta kudeaketa lanak egiten baitituzte. Gainera estatuko beste unibertsitate batzuk horrela egiten dute, adibidez Granadako Unibertsitatea, Eta hemen, EAEn, lan-ikuskaritzak bere txostenean argi utzi du ez duela konbentzitzen UPV/EHUren interpretazioak, beste interpretazio posible batzuk daudela esan du eta epaitegietara joatera gonbidatu gaitu.

Beste aldetik, irakasle ordezko partzialen beste arazoa haien miseriazko soldatak da (400 eta 800 euro artekoak, arduraldiaren arabera). Haien soldata mugatuta dago ematen dituzten eskola kopurura eta tutoretzetara eta ez da aintzat hartzen klaseak prestatzeko, azterketak prestatzeko, lanak zuzentzeko, formaziorako, irakaskuntzaren kudeaketarako edota irakaskuntzari lotutako ikerketarako lan-orduak ere beharrezkoak direla. Eusko Jaurlaritzaren 41/2008 Dekretuak ahalbidetzen du ordezkoak klaseak emateko lan-esku merke moduan erabiltzea. Langile horien lan-baldintza prekarioez gain, sailen antolaketan beste irakasleen gainzaman eta ikasleek jasotzen duten irakaskuntzaren kalitatean ondorio negatiboak dauzka.

Eusko Jaurlaritzak eskumen osoa du aipatutako dekretua aldatzeko, soldata duinak ezarriz. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak aldatu behar zuen 41/2008 dekretua USLOra egokitzeko, besteak beste, irakasle ordezkoen soldatak ezartzeko (gaur egun ordezko irakasleen soldata ez dago inon jasota; EHUk interpretatzen du “bitarteko irakasle kontratatu” figurarako definituta dagoena dela ordezkoei ordaindu behar zaiena, baina ez digu oraindik erakutsi eskatutako txosten juridikoa hori oinarritzeko).

Miseriazko soldatak jasotzeaz gain, ordezko irakasleek bosturtekoen eta seiurtekoen ebaluaziora aurkezteko eskubidea ere ukatzen zaie, nahiz eta Auzitegi Gorenak dagoeneko bi epai eman dituen eskubide hori aitortzen.

Askotan esan dugun moduan, arazo honen erroa EHUren finantzaketa ez-nahikoan datza. Izan ere, gaur egun BPGren % 0,4 inguruan dago eta USLOren arabera 2030erako esleitu behar da BPGren % 1. Bitartean, ezin dugu utzi EHUren finantzaketa ez nahikoa langileon lan eta bizi baldintzen kontura.

Bizi garen impasse honetan, LABek lan-gatazka kolektiboko demanda sartu zuen, eta STEILAS,CCOO eta ELAk, berretsi zuten lanaldi osoko irakasleak ordezkatzeko lanaldi partzialeko ordezko irakasleak kontratatzea ez dela zuzenbidearen araberakoa argudiatuz. Gaur egingo da gai hori aztertzeko epaiketa eta esperantza osoa daukagu epaileak bat egingo duela eskatutakoarekin. Hala ere, tamalez bide judizialera iritsi behar izatea, administrazioaren borondate ezaren eredu argia da.

LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuok eskatzen diegu Errektoretza-taldeari eta Eusko Jaurlaritzari beraien erantzukizunak onartzea eta gaiari konponbide bat ematea. Ez dezatela beren erantzukizuna uko egin, eta arazoaren iturria USLOn bakarrik kokatu. Haien esku dago EHUko hainbeste ordezko irakasleen prekarietate egoera latza konpontzea. Ez bada horrela jarraituko dugu borrokan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.