2024-11-23
HomeEkintza SozialaEkosozialismoa Euskal Herrian badira elefante zuriak

[IRITZIA] Euskal Herrian badira elefante zuriak

Abenduaren 8a Inposatutako Alferrikako Azpiegituren Nazioarteko Eguna izan zen. Honen harira, LABeko Ekintza Sozialeko idazkari ondoko Urtzi Ostolozagak eta ELAko Ingurumen arloko kide Ainhara Plazaolak iritzi artikulu bat idatzi dute.

Elefante zuriak deritze sortzen dituzten irabaziak baino mantentze kostu handiagoak dituzten ondasunei, edo jabeei kalteak bakarrik eragiten dizkieten arren beste batzuei irabaziak ekartzen dizkieten ondasunei.

Abenduaren 8a Inposatutako Alferrikako Azpiegituren Nazioarteko Eguna izaten da, beste hitz batzuetan, elefante zurien eguna. Euskal Herrian badakigu zerbait honetaz. Eraikitzearren eraikitzen dutenen paradisua da, gizartearen beharrizanak eta errentagarritasun ekonomikoa kontuan hartzen ez dituztenena, are gutxiago sortutako ingurumen kaltea.

Zentzugabea dirudien arren, inposatutako alferrikako azpiegituretara milaka milioi diru publiko bideratzea erabakitzen da, konpondu nahi dituzten arazoak zeintzuk diren eztabaidatu gabe. Eragin ekonomiko eta soziala aztertzen duten txostenik ez da egin. Euskal Herrian azpiegitura hauen adibide asko ditugu zoritxarrez, baina AHTa da gehienok sufritzen ditugun murrizketen lepotik gutxi batzuentzat onura bilatzen duten politiken adibide argiena.

Ez dugu artikulu hau sinatzen dugun sindikatuek bakarrik esaten. ELA eta LAB sindikatuek hala eskatuta, Ekopolek (EHUn ekonomia ekologikoa eta ekologia politikoa aztertzen duen ikerketa taldea) eginiko Euskal Y-ari buruzko txostenak garbi azaltzen du EAEn eraikitzen ari diren abiadura handiko trena zentzugabea dela. Urteetan zehar salatu dugun bezala, txostenak erakutsi du AHTak ez duela errentagarritasun ekonomiko eta sozialik, ingurumenean ondorio larriak eta atzera buelta ezinak izateaz gain.

Une honetan AHTaren kostu estimatua EAEn 10.000 milioi eurokoa da. Diru horrekin gauza asko egin daitezke. AHTra bideratu beharrean, zergatik ez da bideratzen gizarte zerbitzuetara, hezkuntza, osasungintza edo gizarte laguntzetara? Zertarako balio du pertsonen eta merkantzien mugikortasun beharrei erantzuten ez dien tren batek? Esan bezala, gutxi batzuen onurarako eta beste askoren murrizketetarako.

Nafarroan AHTaren lanak hasi berri dira, baina intentzio bera dute. Nafarroako Gobernuak Rajoyren gobernuarekin akordio bat sinatu nahi du AHTaren eraikuntzarako. Proiektu injustu eta antisozial bera izango da. EAEn erabilitako argudio berak balio dute Nafarroarako ere.

AHTaren inguruan dugun jarrera eta aldarrikapena oso argia da. Batetik, eraikuntza lanen inguruko auditoria sozial independente bat egitea, alde ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa kontuan hartuz egingo dena. Bestetik, EAEko edo Nafarroako inolako instituzioek AHTarekin inola ez kolaboratzea, alferrikako azpiegitura horri euro bat bera ere ez dutela bideratuko konprometitzea eta obrak geldiaraztea. Eta, azkenik, Euskal Herrian behar dugun trenbide sarearen eta mugikortasun ereduaren inguruko eztabaida irekitzea, benetako eta kalitatezko garraio publiko kolektiboa izan dezagun.

Euskal gizartearen zati handi bat prekaritate egoeran egon arren, gobernatzen gaituztenek diote hazkunde ekonomiko baten testuinguruan gaudela, eta egoera hori probestu nahi dute lehengo bidera eramateko: burbuila inmobiliario berria, errepide gehiago, abiadura handiko tren gehiago, aireportu gehiago… Azken finean, onura pribatu gehiago aurreko urteetako murrizketa sozialak ontzat emanez. Agerikoa da alferrikako azpiegitura gehiagok murrizketa sozial gehiago ekarriko dituztela.

Eredu hau onartzeari uko egiten diogu, honek eraman baikaitu behin eta berriro krisira, eta halako krisiak modu injustu eta antisozialagoan bukatzen dira gerora.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.