2024-11-23
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaZerrenda Bakarraren alde egin dezala eskatu diogu Izquierda-Ezkerrari

Zerrenda Bakarraren alde egin dezala eskatu diogu Izquierda-Ezkerrari

LAB sindikatuak deiturik hamarnaka lagun bildu da gaur Izquierda-Ezkerraren egoitzaren aurrean, koalizio horrek Zerrenda Bakarraren aurka duen jarrera salatu eta gaiaren inguruan jarrera aldaketa eskatzeko. Zerrenda Bakarraren aurka agertzeaz gain, I-Ek iragarri duenez prest dago PSNk Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko duen lege proposamenaren alde egiteko.

Proposamena aurrera ateraz gero, Zerrenda Bakarra oztopatzeaz aparte, arrazoi linguistikoak medio legez bermatuko litzateke Irakaskuntzan irakasleak zerrendetan banatzeko politika.

I-Eren jarrerak berezko garrantzia du, abenduaren 21ean egingo den osoko bilkuran UPN, PSN eta PPrekin lerratuz gero Aldaketaren indarren aurkako eraso berria izango bailitzateke hori. Bestalde, egun pairatzen dugun anormaltasun administratiboa lege bidez blindatzea eragingo luke. Gogoan izan Estatu osoan ez dagoela hizkuntza profilen arabera langileak banatuko dituen beste erkidegorik eta Nafarroan bertan Irakaskuntza dela segregazioa pairatzen duen alor bakarra. Honi erantsi behar zaio administrazioan gehiengo sindikalak agertutako iritziaren aurka doala.

LAB Nafarroa-Irakaskuntzaren izenean, Nora Salbotxek, bere arduradunak, adierazi duenez, ulertezina da “bere burua ezkertiartzat duen alderdi batek horrelako gaietan 155. artikuluaren aplikazioaren alde daudenekin laukoa osatzea”.
“Deigarria egiten zaigu I-E Zerrenda Bakarraren aplikazioaren aurka horren azkar agertu izana, besteak beste, bere oinarrietan inolako kontsultarik egin gabe. Aldi berean, izugarri harrituko gintuzke koalizio horretako oinarriak irakasleak profil linguistikoaren arabera segregatuak izatearen alde egotea”, adierazi du Salbotxek.

Zerrenda Bakarraren aldeko arrazoiak mila direla eta egungo egoera zentzugabekeria dela gogorarazi du LABeko kideak. “Gure gazteei selektibitatea euskaraz egiten badute soilik euskaraz dauden graduak ikasi ahal izango lituzketela aginduko bagenie, zer pentsatuko genuke? Bada hori da gure irakasleekin egun gertatzen ari dena profil linguistiko aberatsagoak dituztenak bereziki kaltetuz”.

Salbotxen aburuz zinez kezkagarria da egungo egoera legez indartu nahi izatea eta egoera hori egonkortzeak izan ditzakeen ondorioei buruz ohartarazi du. “Tamalgarria da XXI. mendeko Nafarroan elebidunak edota eleanitzak diren irakasleen segregazioa betikotu nahi izatea, lehen eta orain munduan barna jendea bere erlijio, arraza, egoera sozial edo genero arrazoiengatik zokoratua izan den bezalaxe”.

LAB-Irakaskuntzaren arduradunak azaldu duenez, abenduaren 21ean Nafarroako Parlamentuan PSNren proposamena eztabaidatu bitartean, “egoera bideratzeko tartea eta aukerak egon badaude. I-Ek informazioa nahi badu edo Zerrenda Bakarraren atal teknikoak negoziatzeko asmoa badu, egin dezala, baina ez dezala Zerrenda Bakarraren egitasmoa oztopatu, ez behintzat informazio ezaren edo aukera berdintasunaren izenean, justu kontrakoa lortuko duenean”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.