2024-11-25
HomeEkintza SindikalaEpaitegiek arrazoia eman diote berriro LABi, eta Oñatiko Autlan EMD enpresa zigortu...

Epaitegiek arrazoia eman diote berriro LABi, eta Oñatiko Autlan EMD enpresa zigortu dute langile bati 104.435,98 euroko kalteordaina ematera, lan osasunaren araudia urratzeagatik #LortuDugu

Eibarko lan-arloko epaitegiak arrazoia eman dio berriro LABi, eta Oñatiko Autlan EMD (lehen CEGASA) enpresa zigortu du langile ohi bati 104.435,98 euroko kalte-ordaina gehi interesak ordaintzera, enpresak lan-arriskuen prebentzio araudia urratzean sortu zizkion kalte-galerengatik.

Epaiak langileak lanean jasandako kaltea zein enpresaburuaren errua edo zabarkeria egiaztatzen ditu, “istripua eragin duen arriskua saihesteko behar den arreta guztia erabili izana egiaztatu ez duelako”.

Enpresan produktu kimiko arriskutsuekin lan egiten dute, eta, zehazki, epaiak egiaztatzen du beren lanpostuan eta enpresako gainerako lanpostuetan aise gainditzen zirela ingurumen-mugako balioak, eta oso egoera larria sortzen zela, langileei patologia larriak eragin diezazkiekeena.

Egoera horren aurrean, epaiak argi uzten du enpresak ez zuela neurri eraginkor kolektiborik hartu; aitzitik, langileei banakako Norbere Babeserako Ekipamenduak ematera mugatu zen, nahikoa ez zirenak arriskua saihesteko edo minimizatzeko.

Era berean, epaiaren arabera, enpresak ez zuen proba mediko espezifikorik egin, behar bestekoak eta langileen arriskuari egokitutakoak.

Eragindako lesioen ondorioz, langileak ezintasun iraunkor osoa du lanbide-gaixotasunagatik. Gogoan izan behar da epaitegi honek berak zigortu zuela enpresa langile horren prestazioan % 40ko errekargua ordaintzera, segurtasun eta osasun neurriak ez betetzeagatik. Eta otsailean berriro arrazoia eman ziola LABi, eta enpresako beste langile bati ezintasun iraunkor osoa aitortu ziola.

LAB pozik dago epaiarekin, baina nahiago luke halakorik inoiz gertatu ez balitz, enpresak diru hori prebentzioa egiteko erabili izan balu eta langilea gaur egun osasuntsu egongo balitz. LABentzat, helburua beti izango da langileen osasuna, eta, horretarako, enpresek prebentzioan inbertitu behar dute. Osasuna galtzeak ez du atzera bueltarik.

Tamalez, epai hauek agerian uzten dute patronalak sistematikoki ez duela betetzen lan-osasuneko araudia. Patronalak ez du prebentzioaren kulturarik, eta etekin ekonomikoak langileen osasunaren aurretik jartzen dira. Gobernuen konplizitatea ikusita, LABek tinko lan egiten jarraituko du patronalari merkeago atera ez dakion lan osasunaren araudia ez betetzea betetzea baino. Langileak lantokietan antolatzen eta aktibatzen jarraituko dugu, lan osasuna helburu izan ez dadin, errealitatea baizik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean.

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. "Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde" lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.