Hego Euskal Herriaren kasuan, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta jendarte zibileko hainbat ordezkarik (Foro Sozialeko kide izanak: Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Herri Eliza, Hitz&Hitz, Bakea eta Duintasuna eta Sare) lau mobilizazio egin ditugu: Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostiako udaletxeen aurrean. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Baiona, Donibane Garazi eta Mauleko udaletxeen aurrean egingo dira mobilizazioak, arratsaldeko 19:00etan.
Manifestu bat irakurri da mobilizazioetan, gogoratzen duena atzo eta gaur, Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri Parisko auzitegi korrekzionalean agertzen ari direla. 2016ko abenduaren 16an, Luhuson, biak saiatu ziren ETAren armategitik zetozen armak eta lehergailuak neutralizatzen. Ekintza hori euskal gizartearen gehiengoak eta joera politiko ia guztien ordezkariek babestu eta txalotu zuten.
Pertsona horiek, indarkeriarik gabeko konpromisoagatik aintzatetsitako aktibistak, hildako beste batzuekin batera, ETAren armagabetze seguru eta ordenatua ahalbidetzeko Paris eta Madrilen ekimenik eza konpentsatzera etorri ziren; ETAk bost urte lehenago borroka armatuari amaiera ematea erabaki baitzuen. Bi estatuek, aldiz, errepresioarekin, presoen sakabanaketarekin eta salbuespen-politikekin jarraitu zuten.
Luhusoko ekintzaren helburua agintarien bost urteko inmobilismo arriskutsuari amaiera ematea izan zen. Luhusoren ondoren, beste Bakearen Artisau batzuk ekimen berri bat burutu zuten, eta 2017ko apirilaren 8an, hogei mila pertsona bildu ziren Baionan ehunka pertsonek egindako armategiaren neutralizazioa babesteko.
Ondoren, Frantziako Gobernuaren eta Bakearen Artisauen artean euskal presoen gaiari buruzko lan gune ofizial bat sortu zen lehen aldiz, eta horrek espetxeratze baldintzetan aurrerapausoak ematea ahalbidetu zuen. 2018ko maiatzaren 3an, ETAk bere disoluzioa iragarri zuen ofizialki.
Oraindik lan handia dago egiteko bake osoa eta iraunkorra lortzeko, mendeku gogorik gabekoa alegia. Horrek ekarriko du biktimak behar bezala aitortzea, memoria- eta egia-betebeharra betetzea eta oraindik kartzelan edo erbestean dauden pertsonen egoerari heltzea. Azken gai horri dagokionez, euskal presoei oraindik ere aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika gainditu behar dela aldarrikatzen dugu eta eskubideen errespetuaren baitan kokaturiko etxeratze prozesu bat eraiki behar dela diogu.
Hala ere, uste dugu Luhusok bost urteko immobilismoaren amaiera markatu zuela eta Euskal Herrian aukera berriak zabaldu zituela. Horregatik, Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri absolbitzea eskatzen dugu. Absoluzio hori Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorioei heltzeko determinazioa eta gure historian kapitulu berri bat irekitzeko borondatearen zantzu argia izango litzateke.