2024-11-23
HomeZerbitzu PribatuakMerkataritza“Turismoaren eraginak eta erantzun posibleak Bilbotarron ahotsetatik” mahai inguruan izan gara

“Turismoaren eraginak eta erantzun posibleak Bilbotarron ahotsetatik” mahai inguruan izan gara

Abenduaren 1aren eta 2an, #EHTourist “Tourist, are you welcome?” jardunaldiak izan dira Bilbon. LAB bertan izan da turismoak merkataritzan eta bertako langileengan duen eragina azaltzen Merkataritza sektoreko Agurne Gaubekaren eskutik.

Ostiralean, Lehenengo eta begirada eta aurkezpena egin zuten, Bartzelonako Assemblea de barris per un turisme sostenible taldeko kidearekin. Ondoren, “Turismoaren ondorioak Euskal Herrian” landu zituzten mahai-inguruan, Igor Ahedo, Markel Ormazabal eta Amets Jauregizarrekin. Begirada hirukoitza, unibertsitatetik, herri mugimendutik eta instituzioetatik.

Larunbatean, hiru mahai inguru izan ziren. Turismoaren ondorioak eta honen bilakaera Bilbon, lehenengoa. Instituzioak eta turismoa bigarrena, alderdi politikoetako ordezkariekin. Hirugarrena izan zen “Turismoaren eraginak eta erantzun posibleak Bilbotarron ahotsetatik” izenburua zuena. Bertan, Agurne Gaubeka LABeko kideak parte hartu zuen, Ernai, SOS Alde Zaharra, Deustuko Zirikatzen, Tourcert eta Baskale elkartearekin.

Gaubekak azalduko turismoa eta merkataritzaren harremanaren inguruan jardun zuen, enpleguan dakarren eraginean zehaztuz. Merkataritza-sektoreko kide da Agurne Gaubeka.

Merkataritza-sektoreko kide den Agurne Gaubekaren interbentzioa

"1 – Turismoa eta merkataritza, loturarik al da?
Turismoak merkataritzan duen eraginari buruzko gogoeta egiteko eskatu zidaten eta nik argi esango dut egun Bilbon turismoak ez duela eraginik merkataritzan. Hau ez da Magalluf ezta Bakio (eta honetan noski ez dut ezer justifikatu nahi) non neguan ia inor gelditzen ez den eta udan hilabete batzuetako biztanleria gehitzen den. Hiri eta herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta bakoitza kontuan izanda gestionatu behar dira bai merkataritza eredua zein turismo eredua.

Hau da, zertaz ari gara hitz egiten…

– Toki zehatz batzuetan biztanleria hilabete batzuetan normalean baino gehiago hazteaz eta honek sortzen dituen beharrez (adibidez Euskal Herrian herri turistiko batzuetan neguan dendek ez dute ia ezer saltzen beraz ixten dute eta udan irekitzen dituzte ordu gehiago urte osoan bizi-irauteko)

edo…

– Merkataritza kate eta multinazionalak merkataritza osoa jateko sustatu nahi duten kontsumo turismoaz?

Gauza da, eragina izatea nahiko luketela eta aitzakia bezala erabiltzen dutela turismoa, merkataritza eta kontsumo molde kapitalista are gehiago bultzatzeko. Beraz, ez ez dago eta ez litzateke egon beharko, merkataritza beharrak asetzeko tresna izan behar da eta ez kontsumismo mugagabe eta kalitate gabekoa eta moden araberakoa.

2- ZGAT zonaldeak: Bilboko merkataritza, kontsumo eredu eta langileengan duen eragina.
Horretan aritu dira Bilbon ere azken urte hauetan PNV-ren eskutik. Izan ere, 2014tik ZGAT (Emari Handiko Zonalde Turistikoen legea) Espainiako estatuan ezarri zenetik, Bilbo izan zen lehena EAEn legedi hau aplikatzea eskatzen. Legearekin, 100.000 biztanle baino gehiago dituzten hiriek eta 600.000 gau-igarotze baino gehiago dituztenek, gutxienez ZGAT zonalde bat ezarri behar zuten.

Bilbok, 5 ezarri ditu eta kate-komertzial handiak ezartzen diren zonaldeetan jartzen ditu urtero. Abando, Indautxu, Garellano, Alde Zaharra eta Deustu. Zonalde hauek dira, hain zuzen ere, kate-handiak ezarrita edo ezartzeko proiektuan daudenak.

Eusko Jaurlaritzak, era berean, Espainiako Legedia bere egiterakoan (konpetentzien inbasioaren diskurtsoarekin ez zuten jarraitu), horren kopia hutsa garatu zuen, merkatari elkarte batzuk, kontsumitzaileak, eta langileak kontuan hartu barik. Beraz, kate handien neurrirako legedia onartu zuten, eta honela, edozein aitzakia jarrita Turismo Ugariko Zonalde deklaratu ahal den edozein herri edo hiri.

Gainera, Zonalde turistiko deklaratzean Bilboko Hirigintza-plana ere moldatu da, merkataritza marka handiak Bilboko erdialdera etortzea ahalbidetzeko (Zara, Primark, Mercadona…) eta beraien zerbitzura jartzen dute inguruko hirigintza osoa osoa, Bilboko merkataritza planetik ateraz, inolako arazorik eduki ez dezaten aparkaleku, zarata, zaborrak etab-ekin. Nola ez hirigintza-negozioak ere hor daude.

Ze eragin du legedi honek Bilboko merkataritzan orokorrean?
Batetik, Zonalde horietako komertzioek irekitzen badute, inguruko zein gainontzeko auzoetako merkataritza kaltetzen ari dira. 

Bestetik, nola ez merkatari txikiak kaltetzen ditu. Orain arte 300 metro karratu baino gutxiagoko zentroek askatasun osoa dute irekitzeko, baina askok ez dute egiten handiek irekitzen ez dutelako. Zer gertatuko litzateke turismoaren aitzakian handiek, frankiziek barne, irekiko balute? Autonomo eta denda txiki askok ez dutela gaitasunik horrenbeste egun irekitzeko. Gainera, turismoa gehitu arren, gurera datorrena ez dator erosketak egitera, beraz kontsumoa dibertsifikatzera baino ez gintuen eramango, hau da, igande eta jai-egun baten Turismo Ugariko Zonalde baten erositakoa, astelehenean auzoko dendan erosiko ez duguna izango da.

Ze eragin langileengan?
Zer esanik ez, langileen lan-baldintzak kaltetuak izango liratekeela, izan ere, aisia zein bizitza familiarrarekin denbora uztartzeko arazoez gain, beste hainbat arazo sortzen dira. Malgutasuna (adib. MTVengatik edo BBK-Liverengatik turista gehiago datozelako), lanaldiak luzatzea, lan-kargak handitzea… Gezurra da turismo gehiago egoteak lan postuak sortzen dituela. Kontrakoa, lan-postuak suntsitzen egiten ditu (batik bat merkataritza-txikiarenak) eta merkataritza handian ia ez da lanposturik sortzen. Lan-karga handitzen da eta beste toki batzuetan ere hasieran ordu horiek gehiago ordaintzen zizkieten boluntarioei konfliktibitatea gainetik kentzeko, baina liberalizazio osoa eman den tokietan, ordu horiek ohiko lan-ordu edo egun bezala ordaintzen amaitu dute.

Bestalde, lan-baldintzen inguruan, turismoaren aitzakian, sustatzen duten zentro eta multinazional handietariko askok hitzarmen estatal propioak dituzte eta hor borroka erronka handiak sortzen zaizkigu. Kontuan hartu behar da lan-erreformak beraien aldeko mekanismo asko sortu dituela.

Ze eragin kontsumo ereduan?
Batetik, kontsumo eta erosketei zuzendutako turismoa bultzatu nahi dute Bilbon eta hau, erabat lotua dago sustatu nahi den turismo modeloarekin.

Bestetik, Bilbotarren kontsumo ereduan turismoa sustatzeko neurriek izan dezaketen eragina dago: kontsumo masibora zuzenduta, gure beharretatik harago doana eta produktuen kalitatea, hurbiltasuna eta produktu horren salmentan zein produkzioan lan egiten duten langileen lan-baldintzak axola ez zaizkigularik.

3- Nora eraman nahi gaituzte eta zeintzuk izango dira hurrengo urteetako erronkak?
Turismoa gure hiriko sektore guztientzat salbatzailea dela sinestarazi digute, salmentak eta kontsumoa igoko dituen eta etorkizuneko diru-sarrera iturri jarri nahi dute. Guztiontzako onura izango dela esaten digute, baina benetan gure hiria sektore honetan oinarritzea bideragarria da, ezaugarriak ditu bai gure gizarteak, zein gure lurraldeak sektore hori bultzatzeko? Ezezkoa bada, aztertu behar da zergatik eta zein edo zeintzuk sektoretan eta nola biziko diren bilbotarrak (Euskal Herriko eredu ekonomiko baten barruan), hiria herritarrentzat eta herritarrek eraikia izan behar duelako. 

Baiezkoa bada, sakondu behar dugu eta eztabaidatu behar dugu sektore horretan oinarritutako hiriak zein eredu sustatu behar duen eta sektore guztien arteko kohesioa eraman. Horretarako beharrezkoa da “tarta” beraien eskuetan ez uztea. Egun behintzat eraso puntualen aurrean babesten gaude, sektore batzuk ez dute nahi eztabaida errotik hartu beraiei kapitalismoaren tarta pusketak eroriko zaizkielakoan.

Guzti honen aurrean beharrezkoa ikusten dugu langileen artean Turismoa eta inposatu nahi diguten eredu zein baldintzez eztabaida sakona eman eta aliantzak sortzea. Legediak eta arauak hor daude kapitalismoaren zerbitzura, ez dugu ezer egin behar legedi eta arau horiek herritarron zerbitzura jartzeko?"
 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.