Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.
500 langile baino gehiago aritzen dira sektore honetan lanean. Azpikontratatutako hainbat udal zerbitzu biltzen ditu, hala nola liburutegiak, ludotekak, elkartze-aretoak, Xtraklub, interpretazio-zentroak, museoak, turismo bulegoa, udalekuak, gidak eta Gatz harana besteak beste…
Apirilaren 2rako, lehenengo greba egunerako, goiz osoko egitaraua prestatu dute, herritarrek euren aldarrikapenei modu ludiko batean babesa eman ahal diezaieten. Goizeko 12:00etatik 14:00ak arte, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, antzerkia, jolasen txokoa, aurpegi margoketa txikientzat eta hainbat ekintzen bidez, aisialdi hezitzailearen garrantzia ikusaraziko dute.