2024-12-19
HomeEkintza PolitikoaEstatu tresnak, politika burujabeak aldarrikatu ditu LABek Aberri Egunean

Estatu tresnak, politika burujabeak aldarrikatu ditu LABek Aberri Egunean

Euskal Herriaren prozesu eratzailea eraldaketa sozialerako aukera eta bidea da. Horrela adierazten du LABek 2024ko Aberri Eguneko adierazpenean.

LABentzat berezia da aurtengo Aberri Eguna, 2024 honetan gure 50. urtemuga ospatzen baitugu. Eta hain zuzen ere, bere sorrera zuzenki lotua dago Aberri Egunaren aldarri historiko nagusiarekin: Euskal Herriaren askapen nazionala.

LABen ikuspegitik askapen nazionala eta eraldaketa soziala eskutik doaz. Euskal Herriaren prozesu eratzailea eraldaketa sozialerako aukera eta bidea da guretzat. Kapitalaren interesak erdigunean dituzten bi estatuetatik askatu eta bizitza erdigunean izango duen Euskal Errepublika independentea sortzea da gure ipar-orratza.

50 urte hauek, argiekin nahiz itzalekin, oparoak izan dira ildo horretan. Beste indar sozial, sindikal eta politikoekin batera, Euskal Herria desagerrarazteko estrategia desberdinei aurre egin diegu. Tresna sozial, politiko eta instituzional propioak eratu ditugu eremuz eremu, besteak beste eremu sindikalean.

Euskal Herria antolakuntza eta borroka sindikalerako esparru autonomo gisa eratu da (Hego Euskal Herrian) eta eratzen ari da (Ipar Euskal Herrian), bi estatuetako sindikalismoaren koordenada erabat desberdinetan. Agenda propioarekin aritu gara eta aritzen gara, Euskal Herria helburu eta abiapuntu. Langileen lan eta bizi baldintzen aldeko borrokatik abiatuta, aldaketa sozial eta aldaketa politikoak sustatu ditugu, sustatzen ari gara.

Aurrera begira, nazioarte mailako krisi ekologiko eta ekonomiko sistemikoari aurre egiteko, Euskal Herriak estatu tresnak behar ditu. Euskalduntze prozesuari, trantsizio energetikoari edota osasun eta zaintza sistemari dagokionez politika burujabeak behar ditugu. Arlo soziolaboralean ere, euskal langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa behar dugu.

Aukera politikoak egon badaude helburu horietan aurrera egiteko. Irlandatik hasi eta Euskal Herriraino ezker independentismoa indartzen ari da. Euskal Herriko hiru lurraldeetan estatusaren inguruko eztabaida irekitzen ari da. Eta era desberdinean bada ere, lurralde auzia eztabaidagai dago hala espainiar nola frantziar estatuan.

Ez dago ezer idatzia eta indar harremanen arabera determinatuko da etorkizuna. Borroka sindikal, sozial eta politikoaren bidez egingo dugu aurrera Euskal Herriaren prozesu eratzaile eta eraldatzailean, Euskal Herria independente, sozialista eta feminista ortzimugan.

Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruranzko urratsak

Otsailaren 19an, euskal esparruaren aldeko nazio manifestazio historikoaren 30. urteurrenaren harira proposatutako erronkei heltzeko borondatea berresten du LABek:

  1. EAEn zein Nafarroan Estatus Politikoak berritzea. Nazio aitortza egitearekin batera, lan eta bizi baldintzak bertan erabaki ahal izateko ahalmen legegilea bereganatuz.
  2. Bien bitartean, hala EAEn nola Nafarroan, lan eta bizi baldintzak duintzeko, soldata eta pentsio arrakalak gainditzea, 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea.
  3. Negoziazio kolektiborako marko propioa indartzea, estatalizazioari aurre egin eta bertako hitzarmenek lehentasun osoa izan dezaten eta hitzarmenik ez duten langile kolektiboek ere izan dezaten eurena, gure eremuan negoziatua.
  4. Eremu publikoan bertako zerbitzu publikoak indartzea: azpiegiturak hobetu; plantillak handitu eta ratioan hobetu; erosmen ahalmena berreskuratu; zaintza bezalako eremuak publifikatu eta zaintza sistema publiko komunitarioa sortu.
  5. Hego Euskal Herriari dagokionez, gure lan eta bizi baldintzak hemen erabaki ahal izateko espainiar estatuak ezarritako mugak altxatzea (gutxieneko soldata ezartzeko, negoziazio kolektiboaren egituraketari dagokionez, eremu publiko langileen soldata eta birjartze tasak ezartzeko, Gizarte Segurantzaren transferentzia eskuratuz…).
  6. Ipar Euskal Herriari dagokionez, instituzionalizazio prozesuan urrats berriak ematea eta, zehazki, negoziazio kolektiborako marko propioa eratzea.

Mobilizaziorako deia

Aipatutako gogoeta oinarri hartuta, Aberri Egunaren harira antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du LABek:

  • Martxoaren 30ean Euskal Herria Baterak antolatutako ekitaldian.
  • Martxoaren 31n Ustaritzen eta Iruñean ezker independentismoak antolatutako ekintzetan.
  • Etxeetan nahiz bestelako esparruetan ikurriña eta ikur nazionalak ikusgarri egiteko deialdian.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.