2024-11-22
HomeEkintza SindikalaLABek etxeko langileen sail sindikala zabaltzen eta hitzarmen kolektiboa aldarrikatzen jarraitzearen alde...

LABek etxeko langileen sail sindikala zabaltzen eta hitzarmen kolektiboa aldarrikatzen jarraitzearen alde egingo du, Bilbon eta Iruñean mobilizatuz

Bi urte igaro dira LABek etxeko langileen sail sindikala osatu zuenetik eta Lan Harremanen Kontseiluan eta CONFEBASKen etxeko langileentzako EAEko lehen hitzarmen kolektiboa egiteko negoziazio mahaia ireki zedin eskaera aurkeztu zuenetik. Harrezkero, ez du aukerarik galdu Euskal Herriko hainbat tokitan antolatzeko eta LABeko etxeko langileen sail sindikala zabaltzen jarraitzeko. Sindikatuak argi du, langileak indartsuagoak izateko eta lanean duten prekaritatea agerian uzteko, zeinetara instituzioek behartzen dituen, sektoreko langileak antolatzen jarraitu behar duela.

LABek etxeko eta zaintzako lankideekin lanean dihardu sektore prekarizatu eta feminizatu honen lan baldintzak arautuko dituen hitzarmen kolektiboaren plataforman. Are gehiago, ikusita azaroaren 14ko 1620/2011 Errege Dekretuaren neurriek eta eguneratzeek, familia-etxeko zerbitzuaren lan-harremana arautzen duenak, ez diola sektore honetako hainbat egoera espezifikori erantzunik ematen. Hori dela eta, LABen sinetsita daude hitzarmen propio bat izateak errege dekretu hori eta Langileen Estatutua konbinatu behar izatea ekidingo zuela, etxeko enpleguko lan-zuzenbideko egoera larriei erantzuterako orduan; eta, batez ere, etxeko langileen gaueko lana eta barne erregimena bezalako gaietan.

LABeko etxeko langileen eta zaintzako langileen sail sindikalak argi dauka batzen eta antolatzen jarraitzea dela aukerarik onena sektore honetako langileen eskubideen urraketari aurre egiteko. Etxeko langileen eskubideak urratzen dituzten kasu guztiak salatuko dituzte, eta hitzarmen kolektiboa izateko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dute. Hitzarmen kolektiboa ukatzea Euskal Herriko bizitzei eusteko hain funtsezkoa eta lehentasunezkoa den sektore hau duintzea ukatzea da.

Hori dela eta, sektoreko langileei dei egiten diete eurekin mobilizatzera. Iruñean, martxoaren 22an, 19:30ean, Nafarroako Etxeko eta Zaintzako Langileen Taldeko kideekin (THYCNA) eta Nafarroako Etxeko Langileen Elkarteko kideekin, udaletxeko plazan. Eta Bilbon, martxoaren 26an, 12:30ean, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Trabajadoras no domesticadas (Etxekotu Gabeko Emakume* Langileak) taldearekin batera.

Emakume* asko dira, gazteak eta helduak dira, hemengo asko dira, baina askoz gehiago beste lurralde batzuetatik zaintzera etorri direnak, baloratu gabekoak. Ziur daude euren lana garrantzitsua dela, eta, beraz, euren eskubideak ezinbestekoak direla. Batez ere, etxeko enpleguko eta barne araubideko emakume* langileen kasuan, aldiro beraien eskubideak urratzen zaizkienean.

Justiziaren atzerapen gehiagorik ez egotea eskatu dute eta hartutako eta erdizka utzitako konpromisoak betetzeko itxaronaldi luze gehiagorik ez egotea; Laneko Arriskuak Aplikatzeko Erregelamenduarekin gertatzen den bezala, 2022ko irailaz geroztik garatu gabe dagoena.

Etxeko langileak bakarrik ez daudela adierazi dute, eta egoeraren kontziente den sindikatu baten parte direla, euren borroka lehentasunezkoa dela ulertzen duena. Eta, eurekin batera, emakume* aliatuz osatutako mundu bat dagoela gaineratu dute, euren salaketak beraienak bezala identifikatzen dituena. Hala erakutsi ahal izan zuten, besteak beste, azaroko Greba Feminista Orokorrean, zaintzako sektore gisa batu zirenean. Greba horretan berretsi zuten euren eskubideak eskatu behar dituzten bakoitzean etxeetatik eta etxeko eremutik aterako direla.

Dei egiten diete sektoreko langile eta gizarte-eragile guztiei eurekin mobilizatzera. Etxeko Langileen Nazioarteko Egunean, LAB sindikatuak sektorerako lehen hitzarmen kolektiboa eskatuko du, eta berretsi egingo du duela bost urte baino gehiago hasitako apustua eta borroka: etxeko langileen sail sindikala handitzea eta langile hauen eskubideen urraketaren aurrean indar gehiago izatea eta dagokiena aldarrikatzeko indartsuagoak izatea.

Hitzarmen kolektiborik gabeko etxeko langilerik ez. Hitzarmena ukatzea etxeko lana duindu nahi ez izatea da.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.