2024-11-27
HomeEkintza SindikalaUko egiten diogu CCOOk CEARen sustatutako estatu-esparruan parte hartzeari, eta berretsi egiten...

Uko egiten diogu CCOOk CEARen sustatutako estatu-esparruan parte hartzeari, eta berretsi egiten dugu Euskal Herriko esku-hartze sozialeko sektorearekiko apustua eta konpromisoa

Beste behin ere salatzen dugu estatalizazioa iraunaraztea langileak prekarizatutako egoera batean mantentzeko mekanismo bat dela, kasu honetan, CEAReko plantilla. Hartutakoa, erabaki-esparruak oztopatzen dituen akordioa da, eta ordezkatzen ez gaituen estatu-esparrua bermatzen du. LABek ez du onartuko edo legitimatuko lan-baldintzen estatalizazioa indartuko duen negoziazio-esparrurik, eta ez du parte hartuko langileen prekarizazioa betikotzen edo areagotzen duen akordioetan.

Garrantzitsua da azpimarratzea Hego Euskal Herri osoko CEAReko plantilla greba, lanuzteak eta mobilizazioak antolatzen ari dela eskakizun berdinarekin, esku-hartzeko sozialeko hitzarmen sektorialen aplikazioa, haien baldintzak lurralde bakoitzeko sektoreko lankideen baldintzekin parekatzeko helburuarekin. Era berean, LAB sindikatua Hego Euskal Herri osoan mobilizatzen ari da esku-hartze sozialeko langileen sektorearen eskubideak berritzeko eta hobetzeko. Hau da gure apustua. Benetako negoziazio kolektiboa Euskal Herrian. Une honetan, gure plangintza eta dinamika argia da esku-hartze sozialeko sektorean. Izan ere, horregatik gara sektoreko lehen indarra Nafarroan eta Gipuzkoan, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan borrokari eutsi diogu.

LABen estatalizazioaren aurkako apustu sendoa egiten dugu eta sektore honen funtsezko lan publikoa aitortzearen alde borrokatzen jarraituko dugu. Negoziazio kolektiboa eta esku-hartze sozialeko langileen antolaketa bultzatzen jarraituko dugu, baina, batez ere, sektore honetako langileen lan- eta bizi-baldintzen aurkako atzerapauso eta eraso oro salatzen jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Basogintzako langileen osasuna zaindu eta ustiaketa eredua aldatzea eskatu dugu

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRUk mobilizazioa egin dugu Donostian, Aldundiaren egoitzaren aurrean, 3 enbor eta beste horrenbeste motozerra eta krabelinekin, aurten basogintzan hildako 3 langileak gogoan. Era berean, eskari bana erregistratu dute Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundietan eta bi herrialdeetako Batzar Nagusietan, basogintzako langileen osasuna zaintzea eta eredu intentsiboan oinarritutako ustiaketa eredua aldatzea eskatuz.

Mecaner herriarentzat plataformak Jaurlaritzari eskatu dio Urdulizgo enpresaren erosketa publikoa bideratzea

Atzo agerraldia egin zuen plataformak Urdulizen, eta bertan parte hartu genuen Mecanerreko langileek, LABek, ESK-k, Urduliz eta Lemoizeko alkateek eta Uribe Kostako udaletako zinegotziek; Ernai, Ikama, Ekologistak martxan, Subflubialari ez, Jauzi Ekosoziala, Otxantegi eta Gune ekosozialistako ordezkariek eta EHUko irakasle eta Ekopol Ikerketa taldeko kideek.

Gizain Fundazioko langileek greba arrakastatsua egin dute euren soldatak Foru Administraziokoekin parekatzea eskatzeko

Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Gizain fundazioaren Enpresa Batzordeak deituta, bertako langileek greba eguna izan dute gaur, Nafarroako Gobernuak fundazioaren lehenbiziko hitzarmenean sinaturikoa bete dezan eskatzeko, bigarren hitzarmenaren negoziazioak desblokea daitezen eskatzeko eta haien soldatak Administraziokoekin parekatzea eskatzeko. Gobernuak gutxieneko zerbitzua %50ean ezarri zuen arren, greba arrakastatsua izan da eta egiterik zuten langile gehienek egin dute.