2024-12-19
HomeIdazkaritzakLABek Munduko Federazio Sindikalak Sao Paulon egindako Kontseilu Presidentzialean parte hartu du

LABek Munduko Federazio Sindikalak Sao Paulon egindako Kontseilu Presidentzialean parte hartu du

Pasa den asteburuan Munduko Federazio Sindikalaren Kontseilu Presidentziala egin zen Sao Paulon, Brasilen. Munduko Federazio Sindikala 1945 urtean sortutako elkartea da. 133 herrialdetako 105 milioi langile inguru ordezkatzen ditu. Kontseilu Presidentziala bere zuzendaritza gune nagusia da, kontinente desberdinetako 50 kidek osatutakoa.

LAB Munduko Federazio Sindikaleko afiliatua da 2005. urtetik eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorra Kontseilu Presidentzialeko kide da. Bere hitzartzean, hiru erronka nabarmendu ditu Arroyok. Batetik, klase borrokaren ikuspegi historikoa ekologismoa eta feminismoa bezalako mugimendu sozialek egiten duten borrokarekin uztartzeko beharra defendatu du. Bigarrenik, sindikatuak langile sektore guztietara eta, bereziki, prekarizatuenak dauden horiengana, gerturatzea proposatu du. Eta azkenik, herri bakoitzaren burujabetzaren defentsa eta nazio desberdinetako langileen arteko borroka bateratua txanpon beraren bi aurpegitzat jo ditu.

Bestalde, LABen 50. urteurrenaren harira, Munduko Federazio Sindikaleko Idazkari Nagusi Pambis Kyritsis Euskal Herrira etorri eta Maiatzaren Lehenean parte hartzera gonbidatu du Arroyok eta honek gonbidapena onartu du.

Hona hemen Kontseilu Presidentzialean adostutako ildo nagusiak:

  • Inperialismoaren aurkako jarrera eta herri bakoitzaren burujabetzarako eskubidearen defentsa. Palestinarekin elkartasuna eta Israel egiten ari den genozidioaren arbuioa. Ildo berean, Kubarekiko elkartasuna eta Estatu Batuek ezarritako blokeoaren salaketa.
  • Gutxi batzuen etekinak lehenetsi eta desberdintasunak areagotzen dituen esplotazio kapitalistaren salaketa. Lan eskubideen aurkako erasoei nahiz pribatizazio politikoei aurre egiteko apustua.
  • Klase sindikalismo autonomo eta borrokalariaren aldeko apustua. CSIk ordezkatzen duen sindikalismo sistemikoari kritika.
  • Kontinente desberdinetan gertatzen ari den eskuin muturraren hazkundeari aurre egiteko determinazioa.

Era berean, Kontseilu Presidentzialak kide berrien sarrera onartu du, horien artean Espainiako estatuko nazioetako zenbait sindikatu daude. Honela, LABek parte hartzen duen herrien koordinadoran jada, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako (Printzipatua eta País Valencià), Kanariak, Galiza, Asturies eta Aragoiko 120.000 langile daude Munduko Federazio Sindikalean afiliatuta.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.