2025-04-08
HomeEkintza SindikalaGorka Berasategi: "Ezin da sektore publiko oso bat eraiki behin behinekotasuna ardatz...

Gorka Berasategi: “Ezin da sektore publiko oso bat eraiki behin behinekotasuna ardatz izanda”

LABek antolatutako “Lan duina, bizi duina” Ekimen Ibiltaria Gasteizera iritsi da gaur, urriaren 16tik hona prekarietatearen aurkako aldarria Euskal Herriko hainbat txokotan zabaldu eta gero. Zerbitzu publikoetan bizi den egoera salatzeko baliatu dugu gaurko eguna, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia Gasteizen dagoela kontutan hartuta. Hala, LABeko Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategik ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren magalean dauden administrazioak prekarietatea eta behin behinekotasun gehien dutenak direla.

Berasategik azaldu du etengabe salatzen ari garen gauza bat dela prekarietatearen eta behin behinekotasunaren arazoa administrazioan, beste sindikatu batzuekin batera. “Adibide gisa, Irakaskuntzan %40koa da behin behinekotasuna eta Osakidetzako eremu batzuetan %50etik gorakoa da, egun bateko kontratuekin kasu batzuetan. Gure ustez, kalitatezko zerbitzu publiko bat bermatzeko langileek lan baldintza duinak izan behar dituzte. Ezin da sektore publiko oso bat eraiki behin behinekotasuna ardatz izanda”.

Deialdi publiko masiboak egin behar direla adierazi du LABeko ordezkariak; egonkortze deialdiak egon behar dutela, alegia. Era berean, murrizketak bertan behera geratzeko eskatu du, “Espainiako Estatutik etorri diren hainbat murrizketa Euskal Herrian inplementatu baitira azken urteetan. Borrokaren bitartez, galdutakoa berreskuratzen ari gara zenbait kasutan, baina Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren estrategiaren menpe dauden instiutuzioetan ez dira murrizketa horiek berreskuratu”.

Esan bezala, hainbat mobilizazio eta jarduera egin ditugu goizean zehar Gasteizen, Ekimen Ibiltariaren barruan: ekintza sindikaleko tailer bat eta Arabako industrian enplegu duina aldarrikatzeko auto karabana, tartean.

Bihar ere Gasteizen izango da “Lan duina, bizi duina” dinamika. Hauxe da biharko egitaraua:

-12:00etan, Infogunea ezarriko dugu, Correos plazan.
-12:00etan, pikete informatiboak egingo ditugu dendaz denda, sektore feminizatuak eta prekarietatea ikusgarri egiteko.
-13:00etan, elkarretaratze bat egingo dugu, Correos plazan.

Ekimen Ibiltariak abenduaren 6a arte jarraituko du bere bidea, Durangoko helmugara iritsi arte, Euskal Herriko hainbat eta hainbat herri zehartu eta gero.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek askatasun sindikala eskatzen du TUVISAn

Mobilizazioa egingo du ostiralean, apirilaren 11n, Gasteizen, TUVISAren aurrean (Agirrelanda, 2), goizeko 10:30ean.

Maiatzaren Lehen bateratuan Baiona klase elkartasunez eta borrokaz betetzera dei egin dugu

Maiatzaren Leheneko mobilizazio bateratua aurkeztu dute gaur Baionan LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires sindikatuok. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, klase elkartasuna eta borroka aldarrikatuko dituzte, eta baita aberasatasuna, enplegua eta zaintza lanak banatzeko beharra ere.

Guardianek 171 langile kaleratuko ditu inpunitate osoz eta Eusko Jaurlaritzaren pasibotasunaren eta gelditasunaren aurrean

Joan den asteazkenean amaitu zen, akordiorik gabe, enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldia Guardian Laudion. LABetik berriro ere irmo salatzen dugu itxiera hori ez dela gerora sortutako edo saihestezinezko egoera baten ondorioa, multinazionalak lantegia ixteko planifikatutako estrategia baten emaitza baizik. Guardianek nahita eragin ditu itxiera justifikatzeko baldintzak, eta, hasiera hasieratik, aurrez pentsatutzat jo dugu.