Administrazioari eskatzen diogu har ditzala beharrezko neurriak ikastetxeetan aniztasunaren aldeko programa hau aurrera eramaten dela bermatzeko. Hezkidetzan eta feminismoan oinarritzen den programaren aurkako enegarren erasoa da hau, eta LAB sindikatuan ez dugu onartuko horrelako eraso gehiagorik!
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du, bigarren aldiz, SKOLAE programa barne hartzen duen Nafarroako Gobernuaren 2021-23 aldirako hezkidetza plana, tramitazio akatsak argudiatuta.
2020an ere salatu genuen, eta behin eta berriz salatuko dugu! Ez al zuen Hezkuntza Departamentuak tramitazio akats hura zuzendu? Edo epaitegietatik datozen erasoen aurrean entzungorrarena egin eta ez du horiei erantzuteko egiazko borondaterik? LABetik, azalpenak emateko exijitzen diogu Hezkuntzari, dela Gil Sevillano zuzendari orokorraren bidez, dela Gimeno kontseilariaren bidez.
LABek erabateko konpromisoa adierazi nahi du bai SKOLAE programarekin eta bai berau bultzatu eta ikasgeletara eramaten duten profesionalekin. Nafarroako botere faktikoek, baina, beren esku dauden trikimailu guztiak erabiltzen dituzte SKOLAEren aurka egiteko, eta agerian gelditu denez, Hezkuntza Departamentuak ez du egoerak eskatzen duen adinako erantzunik ematen berea ere baden programa hau behar bezala defendatzeko.
Lehentasunezko kontua da irakasleek eta gainerako langileek formazioa jasotzea eta ikasketa-proposamenak izatea, horrela soilik lortuko baitugu ikasleak berdintasunean heztea, sexismoa eta matxismoa ahultzea eta hezkidetza bultzatzea.
Hori dela eta, LABek ez du SKOLAEren aurkako eraso gehiagorik onartuko!