2024-11-23
HomeIndustriaMetalgintzaGAMESA-SIEMENSen 6.000 langileren kaleratzearekin dibidenduak ordaintzeko plana lotsagarria da

GAMESA-SIEMENSen 6.000 langileren kaleratzearekin dibidenduak ordaintzeko plana lotsagarria da

Gaur, Azaroak 7, komunikabideen bitartez jakin dugu Siemens-Gamesa taldeak 3 urteko epean 6.000 langile kaleratzeko asmoa duela. LABen iritziz albistea oso larria da, eta badakigu Euskal Herrian plan honek enplegu galera ekartzea bilatuko duela multinazionalak. LABek Euskal Herriko planta guztietan enplegua mantentzea exijitzen dugu. Ez dugu kaleratze bat bera ere onartuko.

Gaur ezagututako erabakia larria da benetan, kontuan hartzen badugu fusioa duela hilabete batzuk gauzatu zela euskal instituzioen txalo artean.

LABek gogoratu nahi du zein zen finantziazio publikoz sortu zen Gamesaren egoera fusioaren aurretik: Gamesak 2016 urtean inoizko irabazi garbi handienak izan zituen: 301 miloi eurokoak, aurreko urtean baina %77 gehiago. 2017ko lehen hiru hilabeteetan 100 miloiko euroko irabazi garbiak izan ditu, 2016an baino %39 gehiago.

Ordua, zein izan zen fusioaren benetako arrazoia? Fusioarekin, akziodunek 1.047 miloi euroko irabaziak jaso zituzten. Eta fusioaren egiteko erabakia hartu zuten zuzendaritzako kideek 82 miloi euro jaso dituzte azken hilabeteetan eragiketa honen ondorioz.

Hau izan zen fusioaren benetako arrazoia, gutxi batzuk aberastea nahiz honen ondorioz lanpostu asko kolokan utzi. Orain mundu guztiko langileek ordaindu behar dute euren lanpostuak galduz batzuk eraman duten dirutza guztia? Ez da
onargarria, ez dago eskubiderik.

Gaur egun Euskal Herriko ehun industrialaren zutabe garrantzitsua izan beharko litzatekeen Gamesaren egoera kezkagarria Eusko Jaurlaritzaren industria politika ezaren ondorioa da. Zergatik txalotu zuen Arantxa Tapiak fusioa, esanez helbide soziala Euskal Herrian gelditzen zela eta hori nahikoa berme zela? Zergatik ez zuen bat egin LABek egin zuen eskaerarekin, lanpostuak bermatzeko baldintzak eskatuz?

Multinazionalei alfonbra gorria jartzen jarraitzen dute, bertako erabakiguneak desagerraraziz eta multinazional eta exekutiboen interesak babestuz. LABek aurkeztutako industria politika berri baterako dekalogoan jasotzen den moduan, bestelako neurriak har litezke horrelako eragiketak baldintzatzeko, baina horretarako ez dagoen borondate politikoa behar  da.

Amaitzeko, instituzioek bakarrik utzi gaituzten honetan, gure elkartasuna adierazi nahi diegu plan basati honen ondorioz
kaleratu nahi izango dituzten langileei. Borrokaren bidez enplegua defendatzea lortuko dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.