2024-11-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaAzaroaren 6rako, bi orduko lanuztea eta manifestazioa deitu dituzte Lemoan, lan istripuen...

Azaroaren 6rako, bi orduko lanuztea eta manifestazioa deitu dituzte Lemoan, lan istripuen aurka


Urriak 31, Cementos Lemona enpresan gertatu zen heriotz istripuaren harira, gaur, azaroak 2, 24 orduko greba burutzen ari dira langileak. Mobilizazio horren bidez, lehenik eta behin, Cementos Lemoako langileek elkartasuna eta babesa adierazi nahi diete bere senide, lagun eta lankideei, momentu gogor hauetan. Urtea hasi denetik, gutxienez, 50 langile hil dira lan istripuz edo lan istripuen ondorioz Euskal Herrian. Azpimarratzekoa da, eskualde honetan, duela lau hilabetetik hona beste bi langile hil direla lanean: Bediako Forjas Unidas enpresan bat eta duela bi aste beste bat zeberion, azkeneko hauxe lemoarra.

Hauxe da Cementos Lemonako langileek kaleratu duten oharra:

Urriaren 31an, lan istripuaren ondorioz langile bat hil zan berton, gure lantegian. Gaur, 24 orduko greba burutzen ari gara hauxe salatzeko. Honez gainera, asanblada bat egin dugu eta honakoa adierazi nahi dugu:

Asteartean, langile bat hil zan lanean Lemoako CEMENTOS LEMONA enpresan. Lehenik eta behin, Cementos Lemonako langileok gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu bere senide, lagun eta lankideei, momentu gogor hauetan. Urtea hasi denetik, gutxienez, 50 langile hil dira lan istripuz edo lan istripuen ondorioz Euskal Herrian. Azpimarratzekoa da, eskualde honetan, Arratian, duela lau hilabetetik hona beste langile bi ere hil direla lanean: Bediako Forjas Unidas enpresan bata eta duela bi aste, beste bat Zeberion, azkeneko hauxe lemoarra.

CEMENTOS LEMONAko istripuaren kasuan, nabarmentzekoa da azpikontra batean ari zela hildako langilea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, arazoa estrukturala da, gaur egun inposatzen diguten ereduan dago arazoa. Prekarietateak hil egiten gaitu. Lan baldintza kaxkarrek eta segurtasun neurri ezak, azpikontratazioak kasu honetan, eragin zuzena dute lan istripuetan: hildakoen %65 azpikontratutako langileak dira.

Istripuen zergatia ezagutzen dugu, arriskuak ekiditeko zein neurri hartu behar diren ere ezagutzen ditugu, baina salatu behar dugu lantokietan ez dela prebentzio errealik egiten. Patronala lan istripuen erantzule da, nahiago duelako bere irabaziak handiagotzea langileen osasuna zaintzea baino. Gure osasuna euren negozio bihurtu dute.

Administrazio publikoek ez ikusiarena egiten dute eta ez dute borondate politikorik egoera aldatzeko. Gaur, berriro ere, 0 tolerantzia exigitzen diegu lan istripuen aurrean eta kontrola eta zaintza berma ditzatela.

Sarraski honekin bukatzeko, lan istripuak eta euren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politiko bilakatu behar dugu. Konpromiso politikoak ezinbestekoak dira.

Gogaituta gaude, eta amorru ikaragarria sentitzen dugu. Hau ez da lan eremuko arazo bat, arazo sozial eta politiko larria baizik. Gizarte osoari luzatzen diogu deia, eta Lemoako herritarrei bereziki, honen aurrean irmoki erantzun dezan, azkena izan dadila lortzeko.

Lemoako herriari osoari (langileak, elkarteak, komertzioak…) deia zabaltzen diogu mobilizazioetan beste jauzi bat eman dezan; datorren astelehenean, azaroaren 6an, goizeko 11etatik 13etara burutuko dugun lanuzteari atxikimendua emanez eta parte hartuz eta 11:00etan Cementos Lemonako ataritik abiatuko den manifestazioan parte hartuz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.