LABeko Lan Osasuneko Idazkaritzako kide Lurdes Erasok eta Ibon Zubielak Gasteizko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean hartu dute parte gaur, Euskal Herria Bildu taldeak luzatutako gonbidapenari esker. Hain zuzen ere, agerraldia egin dute urteko 50. lan heriotzaren berri jakin dugun egunean, Cementos Lemonan langile bat hil baita eguerdian, erorketa baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazitakoaren arabera. Atzo bertan salatu genuen beste lan heriotza bat.
Agerraldian, Lan Segurtasun eta Lan Osasun alorrean bultzatzen den prebentzioaz eta hartzen diren neurrien inguruan gure ikuspegia eta azalpenak eman ditugu. Aldi berean, gure proposamenak egin ditugu, onartezina den egungo egoera aldatzeko.
Lurdes Erasok lan istripuen arrazoiei buruz hitz egin du: "Enplegu eta lan baldintza kaskarren ondorio dira, prebentzio politika eta kontrol ezaren ondorio". Administrazioa lan merkatutik erretiratu egin dela kritikatu du, "patronalaren esku utzi baitu joko arauak ezartzea". Hau gutxi balitz, prebentzio politikarik ez dagoela berretsi du, eta, gainera, prebentzioan murrizketak egin dituztela nabarmendu du.
Hala, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua sortzea ezinbestekoa dela adierazi du Erasok.