2024-07-22
HomeEkintza SindikalaGarbiñe Aranburu: “Patronalak prebentzio legedia ez du betetzen eta zigorgabe geratzen da,...

Garbiñe Aranburu: “Patronalak prebentzio legedia ez du betetzen eta zigorgabe geratzen da, nahiz eta arduragabekeria horrek langileen heriotza eta gaixotasunak eragin”

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek mobilizazioa egin dute gaur Bilbon, Jaurlaritzatik Confebasken egoitzaraino, “Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lemarekin. Bertan izan da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta langileon lan osasuna okerrera doala adierazi du. Urte hasieratik Euskal Herrian hildako 14 langileak gogoan, adierazi du latza izaten ari dela urte hasiera eta “hau ez da zerbait puntuala, buelta ematea lortzen ez den joera baten adierazle gordinena da”.

Eredu produktiboaren aldaketa ere izan du hizpide. Horrela, gogoratu du zerbitzuetan geroz eta langile gehiagok lan egiten duela eta geroz eta langile gutxiagok istripu gehien pilatzen diren sektoreetan, baina istripu kopurua ez da murrizten.

Lan osasuna artatzerakoan, genero aldagaia kontuan hartzen ez dela nabarmendu du. Laneko gaixotasunak ezkutatzeko estrategia argia dagoela adierazi eta gogoratu du Munduko Osasun Erakundearen arabera minbizien %30 – %40 artean lanak eragindakoak direla. “Enpleguaren prekarizazioak, lan erritmo altuek, genero arrakalek, soldata baxuek etab. eragin edo areagoturiko arrisku psikosozialak ez dira kontuan hartzen”, gaineratu du Aranburuk.

Osasun galera hauek ekidin daitezkeela gauza frogatua da. Horretarako prekarietateari muga jarri eta formakuntza hobetu behar da. Baina lan osasunari dagokionez, arreta berezia jarri behar da prebentzio neurrietan.

Lan osasunean, “bizitzako beste eremuetan pentsaezina den zerbait” gertatzen del nabarmendu du, “patronalak prebentzio legedia ez du betetzen eta ez da ezer gertatzen, zigorgabe geratzen da nahiz arduragabekeria horrek langileen heriotza eta gaixotasunak eragin”.

Egoera honen erantzuleengan ere jarri du fokoa LABeko ordezkariak, guzti hau instituzioen konplizitatearekin gertatzen baita. “Patronalaren inpunitatea, Gobernuen eskutik dator. Patronalaren interesak ez kaltetzeko, instituzioak langileen aurkako indarkeria ontzat ematen ari dira, langileak lanean hiltzea eta gaixotzea ontzat ematen ari dira”, adierazi du.

Patronalak etekinak lehenesten dituela ere nabarmendu du, langileen bizitzak eta osasunak bost axola diela gaineratuz. “Odol isurketa honen aurrean, patronalak batere lotsagorritu gabe, absentismoaren gaia ateratzen du behin eta berriz. Langileen bajak sortzen diote kezka, ikuspegi guztiz produktibista berriro ere. Iritzi publikoarekin batera mutualitateak baliatzen dituzten, langileak osatu gabe lanera itzularazteko”, nabarmendu du.

Amaitzeko, gaur mobilizatu diren sindikatuek elkarlanean jarraituko dutela adierazi du:

  • Mobilizatuz, egoeraren salaketa egin eta arduradunak seinalatuz.
  • Prekarietatearen kontrako eta lan osasunaren aldeko borroka indartuz.
  • Osasunaren pribatizazioaren kontra eginez, osasun sistema publiko indartsua defendatuz eta mutualitateen kontrako jarrera indartuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.