2024-11-22
HomeEkintza SindikalaUrtea hasi zenetik 14 langile hilik, 3 altueretatik erorita

Urtea hasi zenetik 14 langile hilik, 3 altueretatik erorita

Gaur goizean, Durangoko Fundiciones Funbarri enpresan, 47 urteko H.B. langilea hil da altuera batetik erorita. Hildako langilea, Porto Cubiertas enpresako langilea zen eta teilatua berritzen ari zirela erori da larriki zauriturik geratuz, handik gutxira hil delarik. Lehenik eta behin LABetik gure samina eta lankide senide eta lagunekiko elkartasuna adierazi nahi genuke.

LABek jasotako lehen datuen arabera, langileak arnesa ipinia zuen eta litekena da bitarteko loturarik ez egotea edo honek huts egitea. Ohikoa da obretan, segurtasunaren neurriak bermatu behar dituen errekurtso prebentiboa ez egotea eta modu honetan, une askotan langileak segurtasun gabe lan egitea behartuta egoten dira, bitartekorik ez zaielako bermatzen.

Behin eta berriz salatzen gatoz, obretako araudi berezitua patronalak ez duela betetzen eta uneoro fase bakoitza ikuskatu behar duten prebentzio teknikariak ez direla obran egoten. Bereziki larria da, altueretako lan edo prozesu batean kontrolik edo errekurtso prebentiborik ez egotea araudiak eskatzen duen bezala.

Onartezina da, hain maiz gertatzen den lan-istripu mota baten aurrean, beharrezkoak diren bitartekoak ez jartzea. Gogoratu eraikuntza dela istripu hilgarrietan liderretakoa. Agerikoa da Lan Ikuskaritzak, Osalanek eta Gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Praktikan, patronalari ez zaio araudia betearazten eta honen emaitza agerikoa da, bizitzarekin ordaintzen dugularik.

Eraikuntzaren sektorean dauden lan baldintza txarrak salatzen ditugu. Lanaldi luzeak, azpikontratazioa, autonomo faltsuak, prestakuntzarik eza, prebentzio-baliabiderik eza… Prekaritatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktore bat da.

Argi dago gaitz honen konponbidea langileok egiten dugun presio eta mobilizaziotik etorriko dela. Gure bizitza jokoan dago. Honela, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRUk osatutako intersindikaletik bihar, asteazkena 14, Bilbon egingo dugun mobilizazioan parte hartzeko dei egin nahi genuke (11:00etan Eusko Jaurlaritzatik). Mobilizazio honetan 2024ko urte hasera beltza salatuko dugu patronala eta gobernuen aurrean.

Bestalde, bat egin nahi dugu Fundiciones Funbarri enpresako komiteak gaurtik bihar eguardirarte egingo duen geldialdiarekin eta ere berean bihar 13:00tatik aurrera egingo duen kontzentrazioarekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.