Langileek dei egin diete Arabako erakundeei lan gatazkan esku har dezaten, 147 urte baino gehiagoko Gasteizko enpresa honetan konponbidea bilatzeari begira.
Hauxe da Langileen batzordearen oharra:
HERACLIO FOURNIERreko Langileen Batzordeak gure enpresan azken urteetan bizitzen ari garen errealitatea salatu nahi du, gizarteari honen berri emanez. Errealitate hori gure lan baldintzetan eta laneko giro kaskarrean islatzen da.
Soldaten izozketa eta gure lan baldintzen berritze eza jasaten ari gara duela 6 urtetik hona, enpresak etekinak eta lan karga handia dituen bitartean. Laneko giroa despota da erabat, enpresak nagusikeriaz jokatzen du lan harremanetan, mespretxuz tratatzen du alde soziala, lan erritmoak oso gogorrak dira, eta mehatxuak ere ematen dira.
Krispazio eta ulermen ezaren giro horretan, edalontziak gainezka egin azken gertaerarekin: lankide bat kaleratu berri dute inolako arrazoirik gabe. Plantila beldurtzea besterik ez dute bilatu, enpresa politika beldurrean eta inposaketan oinarrituz.
Horregatik guztiarengatik, enpresari exigitzen diogu gure lankidea berehala berronartzea eta lanean ezarri duten giro kaskarrarekin behingoz bukatzea. Inposaketa, mehatxua eta komunikazio-eza alboratu ditzan negoziazioari, errespetuari eta elkarrizketari bide emanez.
Era berean, dei egiten diegu Arabako erakundeei auzi honetan esku har dezaten, 147 urte baino gehiago dituen enpresa honetan konponbidea bilatzeari begira.