2024-11-22
HomeEkintza SindikalaOraina borrokatzearen alde egin dugu Ezkerraldea eta Meatzaldearen etorkizuna bermatzeko

Oraina borrokatzearen alde egin dugu Ezkerraldea eta Meatzaldearen etorkizuna bermatzeko

Agerraldia egin dugu gaur Sestaon, martxoaren 17an bertan egingo dugun mobilizazioa iragartzeko. “Langileon Ezkerraldea eta Meatzaldea bizirik! Enplegu duinak, bizitza duinak” izango da manifestazioaren lema, eta 12:00etan hasiko da, udalerri honetako plazatik.

Ezkerraldea zein Meatzaldeko egoera izan dituzte hizpide agerraldian. Desindustrializazio politikaren ondorio zuzena industriaren eraispena da. Ordainetan, zerbitzuen sektoreko zentro komertzialak, logistikoak eta biltegiak ekartzen dizkiete. Ehun industriala suntsitu eta ekonomiaren tertziarizazioaren erakusle diren adibide batzuren berri eman dute prentsaurrekoan, bertako langileen eskutik.

Trapagarango Tubos Reunidosen kasuan, urtarrilaren 23an jakinarazi zioten enpresa-batzordeari ekoizpen- eta antolaketa-arrazoiengatik aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (ABEEE) hasteko asmoa zutela. ABEEE horrek Trapagarango lantegiko 319 langileri eragingo lieke, eta otsailaren 26tik uztailaren 31ra luzatuko litzateke. 100 laneguneko %50eko aplikazioa izango luke.

Ziurgabetasun horri gehitu behar zaio Trapagarango altzairu-fabrikako euren 80 lankide Amurrioko lantegira eraman zituztela abenduan, kaleratu ez zituzten arren, euren fabrikako langile kopurua neurri handi batean murriztuta.

Trapagarango MFS automozio enpresa ere izan dute hizpide gaurkoan, adibide ona baita eskualdea  desindustrializatzen ari dela erakusteko. Automobilgintzako osagaien sektorean aritzen dira, gehienbat motelgailuentzako piezen ekoizpenean. Hartzekodunen konkurtsoan sartu dira, eta oraingoz dakiten gauza bakarra da inbertsio-funts batek higiezinaren erosketan interesa izan dezakeela, industria-jardueraren jarraipenari buruz, ordea, zalantza asko daude. Jarduerarekin jarraituz gero, argi dago enplegua galduko dela. Amazonen parean kokatuta daude, leku estrategiko batean etorkizun hurbil batean, logistikan, merkataritzan edo aisialdian diharduten enpresentzako leku bihur dezaten, industria sektoreko baino lan baldintza eta soldata prekarioagoekin.

Amazonena izan da aurkeztutako hirugarren abibidea, banaketan aritzen diren multinazional handiek ezarri nahi dituzten lan-harreman berrien erakusle garbia. Amazonek zentro logistikoen eredu bat ezarri nahi du, “presioa egiteari uzten badiogu sektoreko gainerako enpresek kopiatu nahiko duten eredu bat”, adierazi dute. Ez da kasualitatea logistika-zentroan lan egiten dutenek dituzten benetako baldintzak jasotzen dituen hitzarmen propioa negoziatzea ukatzea, ezta banaketa-lanak bere gain ez hartzea ere, Amazonentzat ia soilik lan egiten duten enpresekin erabat azpikontratatuta duen zerbitzua.

24 orduko zerbitzua saltzearen truke, presio handiarekin lan egitera behartzen dituztela aipatu dute, gaueko txandetan, kontratu partzial kopuru handiarekin, ordutegi malguekin… “baina ez dugu amore emango. Tinko jarraituko dugu gure lan-baldintzak negoziatzera eseri daitezen”, adierazi du bertako langileak.

Sestaoko Vicinayn, duela hilabete eskas, arrazoi produktiboengatik ABEEE bat aplikatu nahi zietela iragarri zieten. Enpresak horrelako neurri bat ezarri nahi duen hirugarren aldia da lau urtean. Langileek adarjotzea dela uste dute: “Neurri horren aurrean, antolatzea eta modu kolektiboan aurre egitea beste aukerarik ez genuen ikusten”.

Lankideen aktibazio eta batasunari esker, halako presioa egitea lortu zuten, non enpresak atzera egin eta ABEEEa atzera bota beste erremediorik ez baitzuen izan: “Soilik ekintza sindikalaren bitartez, langile klasearen mobilizazioen eskutik baino ezin dugu lortu etekin ekonomikoak handitzea bakarrik helburu duten enpresariei aurre egitea”, adierazi dute.

“Enpresa hauek bizi duten egoerak etorkizun hurbil zalantzagarria uzten digu Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langileoi”, adierazi dute, egoera nondik datorren ere aipatuz, “EAJ eta PSOEren desindustrializazio politikaren adierazleak dira. Ez dira gatazka puntualak, baizik eta estrategia politiko zehatz baten emaitza”.

Nahikeria politiko baten mesedetan prekaritate gordinera kondenatu nahi dituztela gaineratu dute: “Gureak bezalako eskualdeetan industriak izan duen pisua eta enplegu emaria gutxitu nahi dute. Enpleguak desagerrarazten dituzte. Merke ateratzen zaizkie kaleratzeak. Enplegu bat galtzen den bakoitzean etorkizuneko lanpostu bat desagertzen da”.

Honetaz gain, ziurgabetasuna euren eguneroko ogia dela gaineratu dute: “are gehiago zerbitzuen sektoreko enpresak ezartzen badizkigute. Zentro komertzialen, logistikoen eta biltegien lur bilakatu nahi dituzte gure bazterrak. Politika honek eskualdea prekaritatera kondenatzen du erabat”.

Era berean, adierazi dute enpleguaren berrantolaketak langileak erdigunean kokatu behar dituela ezinbestean, eta banaketa hirukoitza aldarrikatu dute lan baldintza duinetan lan egiteko, hau da, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunen banaketa. “Bizitzak erdigunean egon daitezen borrokatuko dugu”, gaineratu dute.

Borondate orokortu honi erantzun orokor bat emateko garaia dela adierazi dute: “Anbizioz jokatzea dagokigu, mugimendu soziosindikal indartsu bat egituratzeko premia daukagu. Lan eta bizi baldintza duinen alde beharrezkoak diren ekimen anitzak artikulatu, eta prozesu konpartitu baten aldeko deiadarra zabaldu nahi dugu”.

Horregatik, mobilizaziorako deia egin dute: “enpresetan gertatzen dena kaleetara ateratzeko apustua egiten dugu”, konponbideak nondik etorri beharko lukeen zehaztuz: “kalitatezko enplegu egonkorra sortzeko Ezkerraldea eta Meatzaldeko herritarrentzat neurri ordenatu, adostu eta integralak behar ditugu, erakunde eta instituzioek duten eskumenen baitan ardurak har ditzaten eskatzearekin batera”.

Martxoaren 17an kaleak hartzeko deiarekin amaitu dute prentsaurrekoa: “ozen oihukatuko dugu etorkizun duina behar eta nahi dugula. Aski da gure izerdiarekin enpresariek patrikak betetzen jarraitzea”. Dei egin diote LABen komunitateari, eta jendarteari oro har, egoera honen aurrean erantzuteko eta mobilizatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.