2024-11-22
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaDei egiten diogu Correosi langileen hautaprobetan euskara kontuan har dezan

Dei egiten diogu Correosi langileen hautaprobetan euskara kontuan har dezan

Deialdi bikoitza egin nahi dugu: alde batetik, Correoseko bezeroak animatu nahi ditugu zerbitzua euskaraz jasotzeko duten eskubideaz balia daitezen eta bestetik, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea ozen aldarrikatu eta euskara ezagutu eta erabili dezaten.

Urteak joan urteak etorri, euskarak “stand by” egoeran jarraitzen du Correosen, estatuak onartuak dituen konpromezuak (hizkuntza gutxituen Europako Karta, Bartzelonako Protokoloa…) inola ere ez ditu betetzen. Badirudi herritarrek zein langileok onartutzat ematen dugula egoera hau, baina bada garaia langile zein bezerook euskaraz lan eta bizitzeko dugun eskubidea bermatua izan dadin lanean has gaitezen.

Orain arte Correosek euskararekiko izan duen konpromezu apurra beren borondatez eta lanorduetatik kanpo ikasi nahi duten langileei euskarazko ikastaroak ordaintzea eta zenbait orri bi hizkuntzetan inprimatzea izan dira .

Langileak aukeratzerako orduan, berriz, Correosen euskara inoiz ez da kontuan hartu. Berriki langile finkoen eta behin behinekoen plantila eguneratzeko eta handitzeko prozesu ezberdinen deialdiak ari dira ematen, eta horietako deialdi bakar batean ere ez da kontuan hartzen, ezertarako, euskararen edo beste hizkuntz ofizialen ezagutza. Aldiz, oraintxe bertan Madrilen negoziatzen ari diren lan-poltsen oinarrietan ingelesa jakitea baloratu egiten da.

Correoseko langile gehienek beren zerbitzua ematean (banatzaileak, lehiatilakoak,…) herritarrekin harreman zuzena izaten dute, eta Correosek ez du ezertxo ere egiten herritarron hizkuntz eskubideak bermatuak izan daitezen.

Hainbat herritarrek, azken urte hauetan, agian nabarituko zuten zenbait langilek euskara gehiago erabiltzen duela, baina hori Correoseko plantilan sartzen ari diren pertsonek hizkuntza badakitelako eta beren borondatez erabiltzen dutelako da.

Gogorarazi behar dugu Correosek diru publikoarekin, alegia guztion diruarekin, funtzionatzen duela, eta hala izanik ardura berezia duela hizkuntz eskubideak bermatzerako orduan.

Correosek gai hau behar den seriotasunarekin hartu behar du, eta momentu honetan zehazki, eskuartean duen lan- poltsen oinarrietan euskararen ezagutza baloratuz.

Hau guztia dela eta, LABek alegazioak egin dizkie lan-poltsen oinarriei, euskara baloratu dezatela eskatuz. Behatokian eta Elebiden ere salaketa jarri dugu, hain zuzen ere, gizartearen esparru ezberdinetan euskararen erabilera babesteaz eta bultzatzeaz arduratzen diren bi erakundeetan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.