2024-12-21
HomeEkintza SindikalaNafarroako Osasun Mental Publikoa desegiten ari dira

Nafarroako Osasun Mental Publikoa desegiten ari dira

Nafarroako arreta mentalaren egoera salatu nahi dugu; izan ere, gaixoen desinstituzionalizazioa aitzakiatzat hartuta, eraisten ari baitira zerbitzua, baina aurrekontua handituz eta zentro pribatuetara bideratuz. Ondorioz, ezinbestekoak diren zentroetan -San Francisko Javier kasu- jarduerak behera egin du, eta arriskuan jarri ditu bai pazienteen arreta eta baita lanpostuak ere. LAB sindikatuak Nafarroako osasun zerbitzuen pribatizazio estrategia salatu du.

2024. urtearen hasieran, osasun mentalaren arloan lan egiten duten pertsonek, eta, zehazkiago, San Francisko Javier zentrokoek, beren enpleguen eta bizitza profesionalen etorkizuna eta norabidea kolokan dituzte.

Pazienteen ospitalizazio faltak funtsezko zainketa-eremu hori eremu labain bihurtu du; badirudi lanaren egonkortasuna kolokan dagoela eta, ondorioz, etorkizuna zalantzaz betea eta larri ikusten dute. Ingreso horiek enpresa pribatuetara bideratu dira, nahiz eta zentro horrek kalitatezko zaintza publikoak eskaini dituen, horretarako esperientzia duten langile kualifikatuekin.

Ezin dira parekatu gaixotasun mentalak dituzten pazienteen zaintza eta enpresa pribatuek ondasunak edo zerbitzuak enkantean jartzea. Osasun mentaleko paziente kronikoak zaintzeari uzten diogunean, langileen egonkortasunaz gain, gizartearen ongizaterako funtsezkoa den zerbitzu publiko bat ere desegiten ari gara.

Etsigarria da ikustea Osasun Mentalari buruzko 2019-2023 Ekintza Planak, eredu komunitario eta jarraitu baten alde egiten zuenak, ez dituela aurreikuspenak bete. Plan horretan jasotako ekintza asko ez dira bete, eta, beraz, ezinbestekoa da horiek berrikustea eta estrategia berri bat prestatzea, hartutako konpromisoak beteko direla bermatzeko.

Nafarroan, Gobernuaren konpromiso faltak egoera larriagotu egiten du. Osasun mentaleko krisiei aurre egiteko politika sendo eta iraunkorrik ez edukitzeak erakusten du herritarren behar errealekiko deskonexioa kezkagarria dela. Bada garaia Nafarroako Gobernuak bere gain har dezan erantzukizuna, baliabide egokiak bideratuz eta estrategia zehatzak garatuz, osasun mentalaren arretak egungo eskaerei erantzungo diela bermatzeko.

Aktibitate falta horrek, langileei eragiteaz gain, zerbitzu horien mende daudenei ematen zaien arretaren kalitatean ere ondorio zuzenak ditu. Etengabeko zalantzak tentsioa eta antsietatea sortzen ditu, eta horiek, langileengan ez ezik, bizitzako une kritikoetan laguntza eta ulermena behar dutenengan ere eragiten dute.

Testuinguru horretan, funtsezkoa da indarrak batu eta ahotsa altxatzea osasun mentala zerbitzu publiko gisa gutxiestearen aurka.

Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen dugu:

Zainketa mentalaren balioa ezagutzea: Osasun mentala ez da nolanahi bazter utz daitekeen arloa.

Egonkortasuna lanean: Lan baldintza seguruak eta egonkorrak bermatzea.

Gobernuaren konpromisoa: Gobernuak berehala egin behar du zerbait gaixotasun mentalak dituzten pazienteen egoera lehengoratzeko eta, horrekin batera, konpromisoa berresteko, zerbitzu hori osasun publikoko sistemaren atal integrala den aldetik.

San Francisco Javier zentroaren hasierako helburua babestea: Zentroa sortu zenean izan zuen helburutik urrutiratzen ari da eta hori geldiarazi beharra dago; ziurtatu behar da noizbait itxi zituzten unitateak ongizate publikorako erabiliko direla eta, horrela, interes pribatuak onartu eta unitateen itxiera gelditu beharrean, beren jarduerara itzuliko direla.

LAB sindikatuak ez du baztertzen ekintzak egitea osasun zerbitzu publikoen alde, oro har, eta, osasun mentalaren alde, bereziki. Etengabeko harremanetan ari gara langileekin, eta arretaren kalitatea eta profesionalen lanarekiko errespetua defendatuko ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...