2024-12-21
HomeEkintza SindikalaRamon Lacalzada: “Mobilizazioa funtsezkoa izan da LABek Nafarroako Agropekuarioko negoziazioa baldintzatu ahal...

Ramon Lacalzada: “Mobilizazioa funtsezkoa izan da LABek Nafarroako Agropekuarioko negoziazioa baldintzatu ahal izateko”

Iragan urtarrilaren 26an, LAB sindikatuak Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza lantokietako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu zuen. Ramon Lacalzada Zerbitzu Pribatuen federazioko arduraduna da Erriberan eta sindikatuko bertze kide batzuekin batera sinatu zuen. Bere ustez, sektoreko langileen mobilizazioa funtsezko faktorea izan da LABek negoziazio-mahaia baldintzatu ahal izateko eta hitzarmen berriak lan-baldintzetan aurrerapen garrantzitsuak ezar ditzan; adibidez, 48 orduko atsedenaldia onartzea.

Zein langileri eragiten die hitzarmen honek?

Hitzarmenaren eremu funtzionala nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduerei buruzkoa da. Hau da, hiru adar horietako inoren konturako langileak dituzten enpresak. Nekazaritzaren barnean, transformazio nekazaritza sozietateak ere sartzen dira, alegia, nekazariak biltegietara eramaten dituzten produktuak landu gabe manipulatzen dituzten sozietateak.

Zenbat langile dira?

Zaila da. Badakigu mila langiletik goiti badaudela ordezkaritza sindikala duten enpresetan; baina egun oraindik enpresa txiki anitz dago ordezkaritzarik gabe. Gainera, jarduera urtaroka antolatzen denez, horrek ere zailtzen du zenbat pertsona diren neurtzea. Baina mila baino gehiago, seguru.

Zein dira sektoreko enpresa esanguratsuenak?

Huerta de Peralta eta Florette Hortícola Navarra dira handienak.

Bi horietan LAB presente dago eta, gainera, gehiengoa du, ezta?

Gehiengo osoa.

Zergatik sinatu du LABek hitzarmen hau?

Tira, arrazoi nagusia izan da langileen mobilizazioak hobekuntzak lortu dituela gai garrantzitsuetan, eta uste dugu, horiek aplikatuz gero, sinatutakoa betetzen badute, nabarmen hobetuko dituztela lan-baldintzak.

Nolakoa izan da negoziazio prozesua?

Martxoko lehen bi bilerak oso protokolokoak izan ziren. Lehenengoan, ehunekoen banaketarekin osatu zen mahaia. Eta bigarrenean sindikatuek plataformak aurkeztu zituzten. Gero geldialdi bat izan zen azaro arte. Patronala luzamendutan ibili zen, ez baitzuen negoziatu nahi produkzio-jarduera handieneko unean. Gero, azaroan negoziazioak berriz hasi zirelarik, ikusi genuen patronalak eta CCOO eta UGTk negoziazioak bizkortzeko eta sinadura lasterra lortzeko interesa zutela, gehiengoa osatzen baitute. Gauzak horrela, LABek bi aukera zituen: geldirik egon, deus egin gabe, edo hitzarmeneko edukia hobetzen saiatu, lehentasunezko aldarrikapenetan oinarrituta. Noski, horretarako, mahaia ez zen nahikoa. Kalean ere mugitu behar zen. Eta langileek egin zuten. Eta hori funtsezkoa izan da LABek negoziazioak baldintzatu ahal izateko. Lan baldintzak benetan hobetuko dituzten zenbait gaitan aurrerapenak lortu ditugu. Mugitu izan ez bagina, hitzarmen kolektibo bat izanen genuke soldata-igoera berdinekin, baina aurrerapenik gabe, eta zenbait gairen okerragotzearekin. Mahaian LAB izan da gehiengo sindikaletik tira egin duena gibelera joan ez zedin.

Zein aurrerapen garrantzitsu biltzen ditu hitzarmen berriak?

Horregatik mobilizatu ginela kontuan hartuta, LABendako garrantzitsuena da esplizituki onartzea asteko atsedenaldia 48 ordukoa dela. Bertze hilabete batez lanaldi jarraitua luzatzea ere bada; hala, urte erdira iritsi gara; eta asmoa da harago joatea. Aurreabisua idatziz egitea ere bada, jasota geldi dadin. Eta jarduera eteten denean, Gizarte Segurantzan baja eman behar izatea ere bada, prestazioa kobratzeko eskubidea izanez gero. Eta deia aurreratzen delarik eta langilea Espainiako estatutik kanpo dagoelarik lanean hasteko epea luzeagoa izatea ere bada. Hori, idatzizko deiarekin batera, urrats txikiak dira zor koloniala onartzeko bidean. Gainera, urtean hilabete arteko ordaindu gabeko lizentzia bat sartu da 15 langile baino gehiagoko enpresetan, atzerritar askok oporrak bermatzeko edo baimenak luzatzeko erabili ahal izanen dutena, zoritxarrez senideren bat hil edo gaixotu bada.

Aurrerapen garrantzitsuak, orduan.

Bai, hala da. Bertze aurrerapen txiki batzuk ere badaude. Betetze-mailari dagokionez, LABek aspalditik salatu du iruzurra, eta, alde horretatik, urrats garrantzitsua egin da digitalizazioan. Printzipioz, hitzarmen honen arabera, 15 langiletik goitiko enpresa guztiek lanaldiaren erregistro digitala ezarri beharko dute, eta asmoa da enpresa txikietara ailegatzea eta sektore osoan ezartzea, iruzurra eragozteko. Asko dago egiteko oraindik. Asko dago hobetzeko Nafarroako landa eremuan. Beraz, garrantzitsua da hitzarmena benetan betetzen dela zaintzea, batez ere ordezkaritza sindikalik ez duten enpresetan.

Zenbateko ordezkaritza zuen LABek negoziazio mahaian?

Eratu zelarik, %28aren ingurukoa. Baina orain 3 edo 4 delegatutara gaude sektoreko lehen indarra izatetik, %40 inguru izatetik. Dagoeneko botoetan bagara lehen indarra. Delegatuen ehunekoan ere izatea falta da. Egun, Agropekuarioko Nafarroako hiru delegatutik bat LABekoa da. Eta helburua da hazten jarraitzea eta baldintzatzetik lider izatera pasatzea.

Hitzarmen hau oraintxe berean aplikatu behar da?

Enpresek betebehar hori izanen dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Baina aurreakordioak dio otsailean 2023ko atzerapenak ordaindu behar direla. Jakina, ordezkaritza duen tokietan, LAB saiatuko da igoerak urtarrileko nominan agertzea, ez joateko atzerapenak metatzen.

Gai hori hainbat lekutan borrokatu beharko da, ezta?

Bai, bai. Hitzarmen honen berezitasunetako bat da enpresaburuen ordezkariak enplegatzaileen sindikatuak direla: nekazariak eta abeltzainak. Uste izatekoa da bai UAGNk bai EHNEk afiliatuei jakinaraziko dietela, aplika dezaten. Baina, seguru asko, norbaitek bertze alde batera begiratuko du. Gainera, izapideak bere garaia du. Hilabete batzuk beharko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertzeko. Ordutik aurrera, langileek urtebeteko epea dute ez-betetzeak erreklamatzeko. Nolanahi ere, ordutegiei eta lizentzia berriei dagokienez, eta aldizkako kontratu finkoa aplikatzeari dagokionez, alde handia egonen da ordezkaritza sindikala duten eta ez dutenen artean, egutegiak birnegoziatu egin behar baitira. Gure asmoa da ordezkaritza dugun enpresetan aurre-akordioari buruzko informazioa ematea, otsailean berean asteko bi eguneko atsedenaldia aplika dezaten, adibidez.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...