Gaur, 2024ko urtarrilaren 23an, Bizkaiko Grafikagintzako Hitzarmen Kolektiboaren mahaiaren beste bilera bat egin dugu. Zortzigarren deialdi honetan, patronalak ez ditu negoziaziotik kendu planteamendu erregresiboak: oraindik ez du KPIari lotutako igoerarik proposatu, Aldi Baterako Ezintasunei buruzko baldintzetan atzera egiten jarraitzen du eta era berean, antzinatasuna murriztu nahi du.
Baina, horrez gain, sindikatuok negoziazio-baldintzak eta nahitaezko malgutasunari buruzko edukiak onartzearen baldintza jartzen jarraitzen du negoziatzen jarraitzeko.
LABek ez du inolako asmorik hitzarmen hau lan-baldintzen kontura eguneratzeko, ez dugu sektorean atzerapausorik onartuko eta Bizkaiko grafikagintzan bidezko hitzarmena lortzeko ilusioa dugu.
Horretarako, gure ustez, aliantzetan aurrera egitea izan behar du bideak. Baita sektorearen antolaketa eta borrokak ere. Borroka horretan sektoreko langileek hartu behar dute hitza eta argi utzi lan-baldintzetan aurrera egingo duen eta erosteko ahalmena berreskuratuko duen hitzarmen bat nahi dutela.
Hilabete barru, berriro bilduko gara eta orduan aurrerapauso garrantzitsuak ematea espero dugu, bestela mahaian blokeo gogor baten aurrean egongo ginateke.