2024-11-23
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaHezkuntza eta akordioak

Hezkuntza eta akordioak

"Akordioa zertarako? Hori da geure buruari egiten diogun galdera. Gauzak dauden bezala jarraitzeko, egungo ereduan sakontzeko edo hezkuntza eraldatzeko? Akordioa noren artean? Elite baten edo hezkuntza komunitate osoa inplikatuz?". LAB Irakaskuntzako Maider Izagirrek eta Ibai Redondok galdera hauei erantzun diete ‘Gara’ eta ‘Berria’ egunkarietan larunbatean argitaratutako iritzi artikuluan.

"Hezkuntza askatasuna da, eta soilik zapalduen ahultasunetik sortutako boterea izango da behar bezain indartsua guztiak askatzeko", Paulo Freire.

Akordioa, akordioa, akordioa… Hezkuntzan eta jendarteko beste hainbat esparrutan akordioen beharraz hitz egiten da, eta akordio hitza totem bilakatu da. Akordioa zertarako? Hori da geure buruari egiten diogun galdera. Gauzak dauden bezala jarraitzeko, egungo ereduan sakontzeko edo hezkuntza eraldatzeko? Akordioa noren artean? Elite baten edo hezkuntza komunitate osoa inplikatuz? Guk argi dugu: hezkuntzan akordioak behar ditugu, behetik gora eraikiak, parte hartzaileak, sendoak, ikuspegi nazionala izango dutenak, burujabetza terminoetan kokatuak, iraunkorrak eta egungo hezkuntza sistema eraldatzera bideratuko direnak. Hezkuntza baita klase sozial guztiei aukera berdintasuna bermatzeko tresna, gure herriaren biziraupen eta garapenerako tresna nagusia.

Irailaren 23an, EAEko Hezkuntza Sailak hezkuntza komunitateari dei egin zigun Hezkuntzan akordioa lortzeko. Paraleloan, Madrilen alderdi politikoak Espainiako Hezkuntza Sistema egonkortzeko akordio bat lantzen ari dira. Eta ez dezagun ahaztu: gaur egun Euskal Herrian daukaguna ez da Hezkuntza Sistema Burujabea, Madril eta Parisen erabakien menpeko, elite ekonomikoen menpeko administrazio bat baizik: beraiek erabakitzen dute gure ikastetxeetan zer ikasi eta irakatsi behar dugun (Curriculuma); Felipe VI.ak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak balioztatzen dituzte unibertsitate tituluak; Madril eta Parisek erabakitzen dute zenbat irakasle postu atera daitezkeen oposizioetan; erabat atzerakoia den azterketa sistema inposatuz gure ikastetxeetako pedagogia eredua baldintzatzen dute; Madrilen erabakitzen dute erlijioa irakasgai izatea eta hezkuntza eredu pratriarkala mantentzea… Finean, Madrilek eta Parisek erabakitzen dute botere ekonomikoen neurrira egin eta Euskal Herrian inposatzen zaigun hezkuntza sistema.

LABek oso argi dauka, Espainia eta Frantziako ereduak inposatuak izateaz gain, ez direla batere osasuntsuak eta gure herriarren beharretatik oso urrun daudela. Ingurura begiratuta, inongo estatuk ez ditu sistema hauek eredu on gisa erabiltzen. Europako hezkuntza sistemak aztertzeko egin berri diren jardunaldietan ikusi dugu badaudela Europa Iparraldean bestelako ereduak; alta, gure herriari eta jendarteari egokituta ereduak behar ditugula argi dugu; errealitate zein behar ezberdinei egokitutakoak. Kateak askatu, Europa iparraldetik eta mundutik ikasi eta behingoz gure herriak behar duen hezkuntza sistema eraikitzeko ordua heldu da.

Dena da beltza? Espainia eta Frantziako legediak uzten dituen marjinak estuak izan arren, Euskal Herriko Hezkuntza komunitateak behin eta berriz desobedientziaren bidez alternatibak eraiki ditu: frankismoan ikasleak euskalduntzeko Ikastolak martxan jarriz eta eskola publiko euskaldunak eraikiz; curriculum inposatuen gainetik Euskal Curriculumean oinarritutako materialak egin eta hainbat ikastetxetan aplikatuz (herri curriculumak, Eki proiektua…); hezkuntza hezkidetzailea lortzeko programak garatuz; azterketa, errebalida, baxo, selektibitate eta kontrol neurri guztien gainetik ebaluazio eta pedagogia askatatzaileak nola edo hala gure ikastetxe ugaritan abian jarriz; erlijio katolikoaren irakasgaia emateari uko eginez; herri unibertsitateak eta eskola alternatiboak antolatuz…

Egindakoa ez da gutxi, baina egiteko duguna asko da. Eta zer egin dute gobernu autonomikoek? Amen, amen. Madril eta Parisetik datorren legedi zentralizatzaileei amen, eredu kapitalistari amen eta murrizketak aplikatu. Nola lortu kalitatezko hezkuntza sistema bat inbertsioak murriztuz? Nola lortu gure eskoletako kultur aniztasunaren altxorra altxor izatea eta ez arazo, baliabiderik ez badugu? Nola lortu inklusioa gelak gainezka baditugu? Nola aurre egin segregazio eta masifikazioari inbertsiorik egiten ez bada? Nola aurre egin patriarkatuari hezkuntza hezkidetzailea lehentasuna ez bada? Euskal Herriak kalitatezko hezkuntza sistema burujabea behar du, hezkuntza publiko-herritarra ardatz izango duen sistema berri eta nazionala.

EAEko Hezkuntza Sailak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eragile eta sindikatuoi hezkuntzan akordioa egiteko proposamena egin digu. Gure erantzuna argia da: Hezkuntzan erabakitzeko eskubide osoa lortzeko bada, bai, egongo gara; Madril eta Parisen erabakien menpe egongo den hezkuntza sistema atzerakoian partxeak jartzeko bada, ez… Eta traumarik gabe! Hezkuntza komunitatea nahikoa heldua da, mugak eta oztopoak gaindituz, gurea eraikitzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.